Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

10 herrialde "seguruetako" bidaiariak dagoeneko Hego Euskal Herrian sartu ahal dira

A. S. | EITB MEDIA

Gainerako herrialdeek, berriz, ekainaren 7ra arte itxaron beharko dute, eta hainbat baldintza bete beharko dituzte.

1:5
Madril, gaur goizean. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.

Astelehen honetatik aurrera Europar Batasunetik kanpoko herrialde seguruetako bidaiariak, osasun kontrolik gabe, Hego Euskal Herrira sartu ahal izango dira. 10 herrialdek osatzen dute zerrenda hori, besteak beste, Erresuma Batuak, Txinak eta Australiak. Gainontzeko herrialdeek berriz, ekainaren 7rarte itxaron beharko dute eta hainbat baldintza bete beharko dituzte Hego Euskal Herrira bidaiatzeko.

Estatuko Aldizkari Ofizialak joan den ostiralean argitaratutako ministro-agindu baten arabera, Europar Batasunekoak ez diren herrialde seguruetatik bidaiatzen dutenei gaurtik aurrera sartzeko baimena emango zaie. Horrela, turistak igortzen dituzten herrialde nagusietako herritarrentzat Hego Euskal Herriko mugak irekitzen dira, horien artean, britainiarrentzat.

Baina Britainia Handiko bidaiariez gain, Japoniatik, Txinatik, Australiatik, Zeelanda Berritik, Singapurretik, Israeldik, Hego Koreatik, Thailandiatik eta Ruandatik etorritakoak ere sartu ahal izango dira, osasun kontrolik gabe.

Pedro Sanchezek joan den astean Fiturren, Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokan iragarri zuenez, "herrialde horiek seguruak dira, eta, beraz, gure herrialdean sartu ahalko dira eta Espainiara heltzean ez dituzte osasun kontrolak igaro beharko". Ingurumaria horretan, turista britainiarrak inongo mugarik gabe etorri ahalko zirela azpimarratu zuen.

Europako Batasuneko beste herrialde batzuetako bidaiariek ekainaren 7ra arte itxaron beharko dute, eta PCR batekin sartu beharko dira, edo txertaketa eredu osoarekin.