Gizartea
KORONABIRUSA
Astebete heriotzarik gabe eta 50 positibotik behera, Nafarroan
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Zizur Nagusian zenbatu dituzte positibo gehien, bost, eta hortik behera kokatu dira beste udalerri guztiak.
-
Emakume bat beste bati maskara ipintzen laguntzen. Argazkia: EFE
Joan den astean ez zen inor hil covid-19aren ondorioz Nafarroan, eta atzo 46 positibo berri antzeman zituzten. Beraz, pandemiaren bilakaerak beherako joerari eusten dio.
1.117 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan 51 proba gutxiago) eta horietatik % 4,1k eman zuten positibo. Positibotasun tasak apur bat gora egin du, bezperan % 3,8an baitzegoen.
Bezperan baino bi kasu gehiago dira, baina duela astebete baino hamar gutxiago, eta duela 14 egun baino 14 gutxiago.
Kutsatze gehien pilatu dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Zizur Nagusia da denen buru, bost kasurekin. Ondoren datoz Agoitz, Azkoien eta Iruñeko Mendillorri auzoa, launa positiborekin. Azkenik, Noainen eta Alkotzen, hiruna kutsatze zenbatu dituzte.
Ospitaleetan ere egoera hobera egiten ari da: 77 paziente daude, larunbatean baino bat gutxiago. Atzo, bi pertsona eraman zituzten erietxera eta, guztira, 17 lagun daude zainketa intentsiboetako unitateetan.
Pandemia hasi zenetik, 1.182 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz Nafarroan eta 61.575 kutsatze izan dira.