Gizartea
MIGRAZIOAREN DRAMA
Atzoko heriotza salatu eta migrazio politika ezberdina eskatu dute Irunen
E.J. | EITB MEDIA
Ehunka lagun elkartu dira Azken Portun, atzo Boli Kostako 28 urteko gazte baten gorpua agertu zen tokian.
Ehunka lagun elkartu dira gaur goizean Irunen, atzo Boli Kostako 28 urteko gazte baten gorpua agertu zen tokian. Harrera Sareak deituta, hildako gaztea oroitu dute eta migrazio politika ezberdin bat aldarrikatu dute 11:30ean Azken Portun egindako elkarretaratzean.
Minutu bateko isilunea egin dute atzo Bidasoan itotako gazte migratzailearen oroimenez, "Anaitasuna", "Fraternite" hitza zeramatzaten orriak eskuan hartuta. Txoriak txori abestu eta lore eskaintza ere egin dute. "Euskal Herria harrera herria" zioen pankarta ireki dute eta xingola beltza zeraman ikurriña ireki dute gorpua uretatik atera zuten tokian.
Deitzaileek eskari zuzena egin diete Irungo eta Hendaiako Udalei: berma dezatela "trantsitoan diren pertsonekiko babesa". Eta era berean, Europan indarrean diren migrazio politikak salatu dituzte, "beste politika batzuk posible direlako".
Bidasoa zeharkatzeko saiakerak "normalizatzen" ari direla ohartarazi dute Harrera Saretik. Izan ere, Europako beste herrialde batzuetara bidaiatzen jarraitzeko asmoz Irunera iristen diren migratzaileak "ezin dira zubietatik eta dauden pasabideetatik igaro, eta, beraz, are bide arriskutsuagoak hartzen dituzte" ohartarazi dute. "Hau ez da ideia ona, hemendik ez pasa" esaten dietela azaldu du Josune Mendigutxia Harrera Sareko kideak, "korronteak baitaude, lokatza azpialdean", baina aurrera jarraitu nahi dute batzuk. "Ez dugu heriotza migrazioaren sinonimo gisa normalizatuko" defendatu dute migratzaileen babeserako taldetik.
Elkarretaratzean zabaldu duten pankartetako bat. Argazkia: Ane Goñi | EITB Media
Heriotza Bidasoako uretan
Boli Kostako 28 urteko gazte bat hil zen atzo goizean Bidasoa ibaian, Irundik Hendaiara iritsi nahian. Espainiara Kanariar Uharteetatik sartu zen, ondoren Granadatik eta Madriletik igaroz, Irunera iritsi arte.
Dirudienez, bizilagun batek 11:00k aldera gorpu bat ikusi zuela ohartarazi zuen, eta, ondoren, aurkitu eta atera egin zuten larrialdi zerbitzuek.
Ustez uretara harekin sartu zen 16 urteko Burkina Fasoko adingabe bat erreskatatu zuten, gainera, bizilagunek Bidasoa ibaiaren beste ertzean, Hendaian. Harrera Sareak jakitera eman zuenez, adingabea "biluzik eta hilzorian" zegoen erreskatatu zutenean, eta bizilagunek "jantzi" eta "suspertu" egin zuten; horren ostean, gaztea bidaia jarraitzen saiatu zen, baina "bi ordu geroago Frantziako Poliziak Irunera itzuli zuen". Horren aurrean, hori legez kanpokoa dela eta "adingabeak adingabeen zentro batera eraman" behar direla gogorarazi zuen atzo migratzaileen eskubideen aldeko plataformak.
Instituzioen erantzuna
Kotte Ezenarro Hendaiako alkateak eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak ere parte hartu dute Irunen egin den kontzentrazioan. "Europak beste migrazio politika bat" behar duela adierazi du Santanok eta ezin dela onartu "bizitza jokatzea, muga ganditzeko", "ezin da onartu bizitza hobearen bila datozenak horrela bizitza galtzea".
Alkateek migrazio politika bateratua eskatu dute Europan, bi herri horien arteko muga "arazo" bihurtzen ari delako, eta hori ez datorrelako bat Europar Batasunaren "sorrerako helburuekin", hau da, beren bizitza hobetu nahi dutenentzat eskubideen eta askatasunaren lurraldea izatearekin. Mugak "ezin du inoiz arazo izan", eta berriz ere mugak jartzeak "islatuko luke Europak ez duela aurrera egin, ez migratzaileentzat, ezta Europako proiektuarentzat" esan dute.
Hildakoaren aberriratzeari dagokionez, Santanok adierazi du Irungo Udala prest dagoela arlo humanitarioan laguntzeko, baina eskumenak Ertzaintzari, Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari dagozkiola, eta horiek arduratuko direla hildakoaren familiarekin harremanetan jartzeaz.
Bestalde, Hendaiako alkateak esan du "gizatasun gehiago" eskaini behar zaiela migratzaileei. Hendaian janariarekin edo ostatuarekin laguntzen saiatzen ari direla esan du, baina "legeak galarazi" egiten duela salatu du, Frantzian ezarritako terrorismoaren aurkako alerta dela eta.
Frantziako mugetako poliziak 240 agente dituela Hendaian jakinarazi du Ezenarrok eta kontrolak areagotu egin direla mendietan ere, "migratzaile askok Irundik igarotzea zaila dela ulertu dutelako eta kontrabandisten bide zaharrak erabiltzea errazagoa izango litzatekeela uste dutelako".
Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak ere "Euskadin, Espainian eta Europan konpromiso kolektiboak eskatzeko unea" dela esan du gaur Euskadi Irratian, Europak "zintzilik duen arazo estrukturala" dela eta "migrazio eta harrera politiketan gizatasuna eta eskubideak" eskatzeko unea ere.
Manifestazioa datorren larunbatean
Irungo eta Hendaiako babes taldeek manifestazioa deitu dute hurrengo larunbaterako, Europako migrazio politika salatzeko. Zutabe bana aterako da herri bakoitzetik 17:00etan, eta Santiago zubian elkartuko dira.