Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

57ra jaitsi dira Nafarroan atzemandako kasu berriak eta % 2,7ra positibitatea

EITB MEDIA

Iruñearen ondoren, Tafalla eta Valtierra dira positibo berri gehien agertu diren herriak (bosna), eta ondoren, Corella, lau kasurekin.

  • Osasun langile bat PCR proba bat egiten Lodosan.

    Osasun langile bat PCR proba bat egiten Lodosan. Argazkia: EFE

Koronabirusaren pandemiak beheranzko joerarekin jarraitzen du Nafarroan, ostiral honetan 57 kasu positibo berri atzeman ostean (bezperan baino 15 gutxiago). Osasun sistema publikoan 2.109 proba egin zituzten (bezperan baino ia 400 gehiago) eta horietako % 2,7k eman zuten positibo.

Tafalla eta Valtierra dira positibo berri gehien agertu diren herriak (bosna) eta ondoren, Corella, lau kasurekin. Iruñean, Alde Zaharra eta Mendillorri dira auzo kaltetuenak, hiruna covid-19 kasu berri zenbatu baitituzte atzo.

Astean zehar 49 kasu detektatu dira Foru Erkidegoan astelehenean ( % 2,3), 71 asteartean ( % 3), 60 asteazkenean ( % 2,6), 72 ostegunean ( % 3,6) eta 60 ostiral honetan ( % 2,8).

Kutsatze berrien zonaldeei dagokienez, Iruñean eta bere eskualdean atzeman ziren atzoko kasu berrien % 47, Tutera aldean % 18 eta Lizarraldean % 7. Gainerako positiboak ( % 28) Nafarroako beste leku batzuetan banatuta zeuden.

Kasu berrien adin-tarteei dagokionez, 45-59 urte bitarteko taldea da nagusi, % 28rekin; ondoren, 15-29 urte bitarteko taldea dago, % 25ekin. Ondoren, 30-44 urteko taldea daude ( % 23) eta 15 urtetik beherakoena ( % 17). Azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea dago ( % 5), eta 75 urtetik gorakoena ( % 2).

Txertaketa-prozesuari dagokionez, 5.063 dosi eman zituzten atzo. Horrela, Nafarroan 359.878 txerto jarri dituzte jada eta 124.650 pertsonak osatu dute pauta osoa.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du asteburu honetan beste 7.000 dosi emango dituztela Foru Erkidegoan: 4.700 dosi baino gehiago Iruñean eta eskualdean (UPNA eta Maristen Eskola ohia); 1.400 dosi Tuterako Osasun Eremuan (Tuterako Jesuiten Ikastetxeko kiroldegia); eta 800 dosi baino gehiago Lizarrako Osasun Eremuan (Garcia Orcoyen Ospitalea).

Ospitaleetako okupazioari dagokionez, 80 pertsona zeuden covid-19agatik ospitaleratuta ostiralean (bezperan baino 10 gutxiago), eta horietako 17 ZIUn zeuden.

Atzo ez zen inor hil Nafarroan covidagatik eta 1.182 heriotza baieztatu dira guztira, pandemia hasi zenetik.

Bestalde, covid-19aren positibotasuna % 5aren azpitik jaitsi da berriro Euskadin; % 4,4an kokatu da, hain zuzen ere. Bitartean, ZIUetan dauden paziente larrien kopuruak zertxobait behera egin du azken orduetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.