Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Zer da EBko covid ziurtagiri digitala edo 'osasun pasaportea'?

EiTB Media | Agentziak

Ziurtagiri berde digitala "bidaiatzeko mekanismo edo tresna" unibertsala, segurua, fidagarria eta doakoa da, Espainiako Gobernuak azaldu duenez. QR kode batean laburbilduko dute.

0:41
Covid pasaportea. Irudia: EITB Media

Europar Batasuneko covid ziurtagiri digitala edo 'osasun pasaportea' "bidaiatzeko tresna" unibertsala eta doakoa da, Europar Batasunaren (EB) barruan mugikortasuna errazteko.

Zer da ziurtagiri berde digitala?

Ziurtagiri berde digitala "bidaiatzeko mekanismo edo tresna" unibertsala, segurua, fidagarria eta doakoa da, Espainiako Gobernuak azaldu duenez. QR kode batean laburbilduko dute.

Bidaiatu nahi duen pertsonak covid-19aren aurkako txertoaren bi dosiak edo bakarra jaso duen, iraganean kutsatu delako immunizaturik dagoen ala PCR edo antigeno proba egin berri dioten jakinaraziko du dokumentuak.

Noiz sartuko da indarrean?

Europar Batasunak ostegunean onartu zuen, ia hiru hilabete lanaren emaitza. Uztailaren 1etik aurrera hasiko dira aplikatzen lurralde komunitario osoan, baina beste herrialde batzuetara zabaltzeko lanean ari dira dagoeneko.

Espainiako Gobernuaren arabera, "martxan jartzeko lanak oso aurreratuta daude, herritarrei ziurtagiriak emateko zein Europako herritarren ziurtagiriak onartzeko".

Zenbat denbora egongo da indarrean?

Oraingoz, ziurtagiria datozen 12 hilabeteetan egongo da indarrean, 2022ko uztailaren 1era arte.

Non izango da loteslea?

Europar Batasuneko 27 estatu kideetan loteslea izango da, baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu duenez, hirugarren herrialdeetara zabaltzeko lanean ari dira jadanik.

Nork emango du?

Espainiaren kasuan, Osasun Ministerioak edo erkidegoek emango dute, Carolina Darias Osasun ministroak zehaztu duenez.

Txerto guztiak bilduko ditu?

Bidaiariak noiz, non eta zenbat dosi jaso dituen laburbilduko du dokumentuak, eta Sendagaien Europako Agentziak onartutako txertoentzako loteslea izango da, hau da, oraingoz Pfizer-BionTech, Moderna, Astrazeneca eta Jannsenentzat.

Hala ere, nahiz eta Agentziak ez onartu, Estatu kideak baimendutako gainerako txertoen informazioa jasoko du ziurtagiriak; Hungariaren kasuan adibidez, Sputnik V eta Sinopharm txertoekin, baina herrialde bakoitzaren erabakia izango da txertoari oniritzia eman ala ez.

Eta txertorik jaso ez dutenen kasuan?

Bidaiariek egindako antigeno edo PCR proben emaitza negatiboa jasoko du agiriak (bidaiaren helmuga izango den herrialdearen eskaeren arabera).

Bruselak probak "100 milioi euro gehiagorekin" finantzatu nahi ditu, besteak beste, lan, osasun edo hezkuntza arrazoiengatik mugak sarritan gurutzatu behar dituzten pertsonei lehentasuna emanez.

Aurreko sei hilabeteetan kutsaturik egon diren pertsonen kasuan, ziurtagiriak immunizaturik daudela azalduko du.

Herrialdeek koarentena inposatu dezakete ziurtagiriarekin?

Europa mailan ziurtagiria ezarrita, 27 estatu kideek koarentena edo PCR gehiago eskatzea saihestuko dute, baina bilakaera epidemioologikoak egoera alda dezake; hala ere, "beharrezkoak eta neurrizkoak" izango dira, EBren hitzetan.

Espainiara bidaiatu nahi izanez gero prozesua aldatzen al da?

Espainiako Estatura heltzen ziren bidaiariek galdetegi bat bete behar zuten paperean edo euskarri elektronikoan, aireportuaren sarbide kontrolean balioesteko, eta proba edo koarentena berriak posibleak ziren.

Osasun pasaporte berriarekin, QR kode bat lortzen da, prozesua azkarragoa eta errazagoa bihurtuz.

Ziurtagiri berde digitalik gabe bidaiatzen jarraitzea posible al da?

Espainiaren kasuan, Europar Batasuneko turistek bidaiatzea dute ziurtagiri digital berderik ezean, baina prozesua orain arte bezalakoa izango da, galdetegi eta aireportuko kontrolarekin.