Gizartea
Espainiako Estatua
DBHko eta Batxilergoko ikasleak txertatzea aztertzen ari dira Hezkuntza arduradunak
agentziak | eitb media
Bestalde, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak antolaketa propioa egingo duela datorren ikasturterako.
-
Eskola bat. Argazkia: EiTB
Espainiako Osasun Ministerioak eta Hezkuntza Ministerioak eta erkidegoetako arduradunek batzarra egin dute gaur datorren ikasturtearen antolaketari buruz hitz egiteko, eta irakasleen txertaketari buruz hitz egiteaz gain, ikasturte hasierari begira DBHko eta Batxilergoko ikasleak txertatzea aztertzen ari dira.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak aurreratu du aukera hori aztertu behar dutela; hurrengo ikasturtea hasi baino lehen 12 eta 16 urte arteko ikasleak txertatzea, alegia.
Isabel Celaa Hezkuntza ministroarekin batera egindako agerraldian, Dariasek azpimarratu du txertaketa estrategiaren barruan sartu beharko dela neurria, Lurraldearteko Kontseiluak erabakiz gero.
Dena den, gogorarazi du oraindik Europako Sendagaien Agentziak adin tarte horretarako txertoen inguruan zer esaten duen jakin behar dela.
Celaaren hitzetan, "besoak zabal-zabal" dituela jaso du aukera hori, "mugimendu eta urrats garrantzitsua" dela uste baitu.
Antolaketa propioa
Bestalde, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak iragarri du Eusko Jaurlaritzak antolaketa propioa egingo duela datorren ikasturterako, eta eskolekin koordinatzen ari dela. Dena den, aitortu du Espainiako Hezkuntza Ministerioak helarazitako txostenean jasotako neurri batzuk interesgarriak direla eta bere egin ditzakeela.
Bildarratzek Hezkuntza Sektoreko Konferentzian parte hartu du gaur, telematikoki, Espainiako Estatuko gainerako erkidegoekin batera 2021-2022 ikasturtearen antolaketari buruz hitz egiteko, koronabirusaren pandemia dela eta.
Sailburuak azpimarratu du ikasturteari buruzko erabaki guztiak Eusko Jaurlaritzari dagozkiola, eskumen osoa baitu, are gehiago alarma-egoera indargabetuta dagoela.
Bildarratzek aitortu duenez, pandemiaren gorabeherek galarazi egiten dute aurreikustea irailean, ikasturte hasieran, zein izango den egoera, baina Eusko Jaurlaritza "egoera desberdinei aurre egiteko" prestatzen ari omen da.
Horren esanetan, Hezkuntza Sailak eskolei egokitutako protokoloak izan ditu ikasturte honetan, eta hiru egoera aurreikusten ziren: aurrez aurrekoa erabat, aurrez aurrekoa eta telematikoa uztartuta, eta eskola guztiak telematikoak.
Sailburuaren arabera, hiru aukera horiek oinarri hartuta eguneratzen ari dira protokoloa hurrengo ikasturteari begira, eta "ahal bezain laster" emango dizkiete erabakien berri hezkuntza zentroei.