Itxi

Gizartea

Espainiako Estatua

AstraZenecaren txertoa jaso duten 60 urtetik beherakoen bigarren dosia, Pfizerrena

agentziak | eitb media

Erkidegoek eta Espainiako Gobernuak erabaki hori hartu dute bien konbinazioa segurua eta eraginkorra dela egiaztatu ostean.

  • Pfizerren txertoa. Argazkia: Efe

    Pfizerren txertoa. Argazkia: Efe

Espainiako Estatuko Osasun Publikoaren Batzordeak erabaki du AstraZenecaren lehenengo dosia jaso duten 60 urtetik beherako pertsonen kasuan Pfizerrena izango dela bigarren dosia, bien konbinazioa segurua eta eraginkorra dela egiaztatu dutelako.

ComiVacS Carlos III.a Osasun Institutuaren entseguen ostean egindako batzarrean erabaki dute Espainiako Gobernuko eta erkidegoetako arduradunek prozesu hori onartzea, bi txertoak uztartuta immunitatea indartzen dela eta aparteko albo kalterik eragiten ez dela egiaztatu baitu.

Ikerketa horrez gain, beste herrialde batzuetako ikerketak eta Oxforden entsegu klinikoak ere hartu omen dituzte aintzat, Osasun Ministerioak prentsa-ohar batean azaldu duenez.

Osasun Ministeriotik gogorarazi dute Frantzian, Alemanian, Portugalen, Suedian eta Finlandian ere bi txertoak uztartzearen alde egin dutela.

Hala eta guztiz ere, Pfizerren bigarren dosia jaso nahi ez dutenek AstraZeneca aukeratu ahal izatea aztertzen ari dira, baina hori oraindik Osasun Publikoaren Batzordean eztabaidatzen jarraituko dute.

Bi milioi herritar dira egoera horretan daudenak, 55 urtetik beherako oinarrizko langileak gehienak, eta datozen egunetan emango diete bigarren txertoa, dosien arteko tartea 12 astetik 16ra luzatu ostean.

Horri esker, eta "asteotan iristen ari diren txerto kopuruarekin", "txertaketaren erritmoak oso azkarra izaten jarraituko du", Osasun Ministerioaren arabera.

Espainiako Gobernuak mahai gainean jarritako proposamena onartu dute, nahiz eta zientzialari eta mediku andana horren aurka agertu.

Zenbait erkidego ere kontra agertu dira. Gaur gauean bertan, Enrique Ruiz Escudero Madrilgo Osasun kontseilariak esan du ez duela ulertzen irizpidea, eta AstraZenecaren bigarren dosia ematen jarraituko dutela, "babes teknikoa" dutelako.

Pentsamendu berekoa da Andaluziako Gobernua ere, eta "irmo" defendatu du AstraZenecaren bigarren dosiarekin ixtea immunizazio prozesua.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.