Gizartea
Berdintasuna
PSOEren abstentzioak trans legea gelditu du, baina Monterok hitzeman du onartuko dela
agentziak | eitb media
EH Bilduk eta EAJk babestu egin dute proposamena, eta PPk eta Voxek kontra bozkatu dute.
-
Trans legearen aldeko protesta Espainiako Diputatuen Kongresuaren parean. Argazkia: Efe
PSOEren abstentzioaren ondorioz, Espainiako Diputatuen Kongresuak geldiarazi egin du ERCk eta beste alderdi batzuk sartutako trans lege proposamena, baina Irene Montero Berdintasun ministroak hitzeman du genero autodeterminazioa lege izango dela legegintzaldi honetan.
Gobernukideen arteko desadostasunen ondorioz, ez aurrera ez atzera jarraitzen du Berdintasun Ministerioak idatzitako trans legearen proiektuak; izan ere, PSOEk eta Unidas Podemosek kontrako iritziak berretsi dituzte Behe Ganberako bozketan.
Alderdi moreak sexu aldaketa erregistroan norberak, inolako dokumentu edo bestelakorik gabe, egiteko eskubidea jaso nahi du legean, eta sozialistek segurtasun juridikoa eskatzen dute, bestela Konstituzionalak legea baliogabetuko duelakoan. Argudio horrekin bozkatu du kontra PPk, Voxekin batera.
ERCk, JxCatek, Mas Paisek, Compromisek, CUPek eta Nueva Canariak sartutako trans lege proposamenean transexualitatea despatologizatzea eta genero autodeterminazioa aurreikusten da, hau da, sexua aldatzeko aukera medikuaren txostenik edo tratamendurik gabe.
Montero ministroak barkamena eskatu du, Kongresuan, proiektuaren atzerapenagatik, eta autodeterminazioa legegintzaldi honetan legedian sartuko dutela hitzeman du.
"Zor bat dugu haiekin, eta kitatu egingo dugu, nahiz eta ez den nik nahiko nukeena bezain azkar izango", adierazi du Monterok, Harrotasunaren egunerako adostasun bat lortzeko deia egin aurretik.
Susana Ros PSOEren diputatuak, berriz, gogorarazi du Espainiako Gobernua lege bat prestatzen ari dela, LGTBI kolektiboekin elkarlanean, eta Ministroen Kontseiluko mahaira "iristear" dagoela. Baina aitortu du "sakoneko" ezadostasunak daudela gaur eztabaidatutako legean.
PPtik, Marga Prohensek ere "segurtasun juridiko" falta kritikatu du, eta transak "hauteskunde arma" gisa erabiltzen ari direla salatu du, PSOEren eta Podemosen arteko "botere borroka"ri erreferentzia eginez.
Bestalde, Lourdes Mendez Voxen diputatuak konstituzioaren aurkakotzat jo du legea, eta genero askatasunerako eskubidea "biologiaren aurka" doala eta hormonekin adingabeekin "esperimentatzea" ezin dela onartu azaldu du.
Pilar Vallugera (ERC) legea proposatu duen alderdiko diputatuak "ausardia falta" leporatu dio PSOEri, eta horren ondorioz "trans pertsonen giza eskubideak baztertuta" jarraitzen dutela. Bestalde, Iñigo Errejon (Mas Pais) eta Pilar Calvok (JxCat) sozialistei eskatu die testua erreforma dezatela, blokeatu beharrean.
Ciudadanosen babesa ere izan du legeak, baina Sara Gimenez bozeramaileak Gobernuko "barne borrokak" deitoratu ditu. EAJk ere, alde bozkatu ostean, proiektua "Moncloako izozkailuan hibernatzen" geratu dela kritikatu du.
Bel Pozueta EH Bilduren ordezkariak (alde bozkatu du) "gehiegi ideologizatutako eztabaida" izan dela gaitzetsi du, "oztopo handia" izaten ari dela "aniztasunaren errekonozimendurako". Gainera, azpimarratu du eztabaida "eskuin muturrak instrumentalizatu" duela, eta bitartean, "euren burua ezkertiar eta feministatzat" duten alderdiak "bazterkeria betikotzen" ari direla.