Gizartea
KORONABIRUSA
50 kasu atzeman dituzte eta positibotasun tasa % 2,4an kokatu da Nafarroan
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Martxoaren 14tik atzemandako daturik baxuena da (40 kutsatze zenbatu zituzten orduko hartan).
-
Atzotik zabalik daude tabernen barrualdeak. Artxiboko argazkia: EFE
50 positibo berri atzeman dituzte Nafarroan, azken egunetako beheranzko joera berretsita. Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuak dira horiek, baina egunean zehar baieztatuko dituzte.
Zehazki, atzo 2.094 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 789 gehiago), eta horietatik % 2,4 positibo izan ziren. Hortaz, proba gehiago eginda, positibotasun tasa nabarmen jaitsi da (% 4,4an zegoen).
Bezperan baino zortzi kasu gutxiago dira, eta martxoaren 14tik erregistratutako daturik baxuena da (40 kutsatze izan ziren orduko hartan). Duela astebete zenbatutako 75 positiboetatik eta duela 14 egun atzemandako 122 kasuetatik nahikoa urrun dago, gainera.
Tuteran zenbatu dituzte kutsatze gehien; sei, hain justu. Gainerakoan, hiruna kasu atzeman dituzte Burlatan, Sarrigurenen, Cintruenigon eta Mañerun.