Itxi

Gizartea

Polemika

Javier Maroto (PP), Garoñako zentralaren jarduera luzatzearen aurka

Erredakzioa

Garoñako zentralaren inguruko polemikak ez du etenik eta gaur Gasteizko alkatea, Alderdi Popularrekoa, azaldu da Espainiako Gobernuaren erabakiaren kontra.

01:37
Garoña, 2019a arte martxan: Polemika bueltan

Javier Maroto (PP) Gasteizko alkateak kritikatu egin du atzo Jose Manuel Soria Industria ministro berriak egindako iragarpena eta Garoñako zentral nuklearraren jarduera 2019a arte luzatzea "akatsa" dela esan du.

Garoñako zentrala Gasteiztik oso hurbil dagoenez, gasteiztar asko eta asko kezkatuta daudela esan du eta, ondorioz, "herritarren gehiengo zabal batek pentsatzen duena" defendatuko duela nabarmendu du.

PSOEren Gobernua agintean egon zenean zentral horren jarduera luzatzea erabaki okerra zelan esan zuen moduan, orain ere jarrera mantenduko duela berretsi du, "segurtasuna baita lehentasuna".


Bilduren eskaera

Bestalde, agiri baten bidez, Gasteizko udaletxean ordezkaritza duen Bilduk Jose Manuel Soria ministroarekin biltzeko eskatu dio Marotori, "Garoñako zentrala behin betiko ixtea exijitzeko".