Gizartea
Palma Arena auzia
Bautista Soler: 'Urdangarini ordaintzera behartuta sentitu nintzen'
Erredakzioa
Hala ere, Valentzia futbol taldeko presidente ohiak "zerbait arraroa" bazegoela uste izan zuen, dirua zertarako behar zuten ez zekielako.
Bere burua Noos Institutuari "dirua ematera" behartuta sentitu zuela esan zion Poliziari Juan Bautista Soler, Valentziako futbol taldeko presidente ohiak, "diru hori eskatzen zuena Iñaki Urdangarin zelako". Hala ere, "zerbait arraroa" bazegoela uste izan zuen, dirua zertarako behar zuten ez zekielako.
'Palma Arena' auzian (Noos Institutuaren lana ikertzen ari dira) Solerrek egindako deklarazioaren arabera, Valentziako futbol taldeko lehendakari ohiak Generalitaten gonbidapen bat jaso zuen, Valentziako Felipe Printzearen museoko ekitaldi batera joateko.
Bertan, ekitaldiko antolatzaileek, "tartean Iñaki Urdangarin", Noos Institutuaren "onurei buruz" hitz egin zuten. "Garatu behar zituzten egitasmoak betetzeko behar zuten diruaz ere hitz egin ziguten".
Gainerako gonbidatu batzuekin "ekitaldi bitxia" zela komentatu zuen Solerrek, Institutuaren "azken helburua ez baitzuten zehazten" eta dirua zertarako behar zuten "ez zutelako argitu". "Ez zitzaigun gustatu, usain txarra hartu genion ekitaldi horri", azpimarratu zuen.
Egun batzuk beranduago, enpresa buruekin "banakako" bilerak eskatu zituzten Noos Institutuko ordezkariek. "Iñaki Urdaingarinek eskatu zituen bilera horiek, eta Valentzia futbol taldeko egoitzan egin genituen".
Solerrek 30.000 euro eman zizkion Institutuari. "Valentziak ez zuen dirurik, galerak genituen, eta Solerrek ez zuen dirurik eman nahi. Hala ere, bere burua behartuta ikusi zuen, Iñaki Urdangarinek berak eskatu ziolako", Poliziak jasotako deklarazioaren arabera.
Villarreal futbol taldeko presidenteak ere Noos Institutuarekin egindako hitzarmena "Urdangarin presidentea zelako" ezin zutela deklaratu zuen Poliziaren aurrean.
Fiskalaren idatziaren arabera, Noos Institutuak Valentziako eta Balearretako Gobernuekin kontratuak egin zituen dirua eskuratzeko.
Otsailaren 25ean eskatuko dizkio argibideak Jose Castro epaileak Iñaki Urdangarin Palmako Dukeari.