Gizartea
FAKE NEWS
Egiaren aldeko Biologoak, diskurtso negazionistarekin bat egiten duen beste talde bat
EITB MEDIA
Horren argudioek krisia eragin dute Euskadiko elkargo ofizialean, eta adierazpen instituzional bat ere bai, Madrilgo Erkidegoko auzitegietara joko dutela mehatxu eginez.
-
Musuko bat lurrean botata. Artxiboko irudia: EFE
Egiaren aldeko Biologoak izeneko talde negazionista berri bat sortu da, pandemiaren jatorriari buruzko konspirazio-teorien alde egiten duen taldea. Kolektibo honen jarraitzaileek, besteak beste, ezbaian jartzen dituzte txertoen onurak.
Horren aurrean, tentsio giroa nagusitu da azken hilabeteotan talde zientifiko honen baitan, adibidez, Euskadiko elkargo ofizialean. Madrilgo Erkidegoan ere, adierazpen instituzional bat egin dute, auzitegietara joko dutela mehatxu eginez.
Egiaren aldeko Medikuen ildo beretsutik sortu da Egiaren aldeko Biologoak taldea, eta, antzekotasun handiak dituzte pandemiari buruzko baieztapen faltsuak sareetan zabaltzeko orduan, elkarren artean harremanak baitituzte.
Noiz sortu da?
Egiaren aldeko Medikuak Estatu mailan aurkeztu eta gutxira, uztailean, Jon Ander Etxebarria Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko (COBE) dekanoak artikulu polemiko bat sinatu zuen, koronabirusaren pandemiaren funtsezko alderdiak ukatuz.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren webgunean argitaratu zen testua, baina berehala kendu zuten bertatik, eta artikuluan esandakoak dekanoaren "iritzi pertsonala soilik" zirela argitu zuen Gobernu Batzordeak.
Elkargoak ohar batean zehaztu zuenez, Etxebarriaren artikuluaren edukia ez zen aurrez erakundearen zuzendaritzarekin "eztabaidatu, adostu edo babestu", eta ez zuen Euskadiko biologoen "pentsaera" ordezkatzen.
Hainbat tirabira izan ziren horren ostean, eta, azkenean, martxoan, Gobernu Batzordeko hamaika kideetako zazpik dimisioa eman zuten. Etxebarriak abendura arte jarraitu behar zuen karguan, baina dimisio horien ondorioz, uztailean deituko ditu hauteskundeak.
Madrilgo Erkidegoko Biologoen Elkargo Ofizialak ere adierazpen bat argitaratu zuen otsailaren 8an, talde negazionistako kidea zen Almudena Zaragozaren "iritzietatik" aldentzeko. Elkargoaren arabera, Zaragozak pandemiari buruz egindako hipotesietan "ikerketa zientifikoek bermatzen dituzten egungo ezagutzen desitxuratzea eta interpretazio ez-zuzenak daude".
Zer babesten dute?
Egiaren aldeko Medikuen ildoari jarraikiz, biologo talde honek informazio faltsua zabaltzen du sare sozialen bidez, hala nola RNA mezulariaren covid-19aren aurkako txertoek giza genoma aldatzen dutela, PCR probak ez direla eraginkorrak edo asintomatikoek ez dutela kutsatzen.
"Egiaren defendatzaile" direla esaten dute, eta hedabideetako ustezko zentsuraren aurrean, gizarteari esnatzeko deia egiten die. Baina zientifikoki frogatuta dauden ikerketak ukatzen dituzte, eta horien ordez, inolako babes zientifikorik ez duten eta sinesgarriak ez diren zenbait ikerketa baieztatzen dituzte.
Horren harira, Zaragozak dio Egiaren aldeko Biologoek "beste egile batzuk" aztertu dituztela, ofizialak ez direnak, frogarik gabe, eta "interes ekonomikoa" izatea leporatzen die. Horren esanetan, bere diru-sarrerak PCR probetan eta txertoetan espezializatutako farmazia-laborategien menpe daude.