Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

58 kutsatze berri atzeman dituzte Nafarroan

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Duela astebete erdietsitako datuaren antzekoa da, baina duela 14 egun zenbatutakoaren ia erdia (105 kasu).

  • Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ZIU gela bat.

    Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ZIU gela bat. Artxiboko argazkia: EFE.

58 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan Nafarroan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Atzokoan 1.310 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 26 gehiago), eta horietatik % 4,4k eman zuten positibo. Hortaz, positibotasun tasa apur bat jaitsi da (% 5,1ean zegoen).

Bezperan baino zortzi kasu gutxiago dira, eta duela astebete zenbatutako datuaren antzekoa (60). Dena dela, duela 14 eguneko datuarekin alderatuta, 46 gutxiago dira (105 zenbatu ziren orduko hartan).

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 105 pertsona zeuden ingresatuta koronabirusarekin Foru Erkidegoko ospitale sarean, bezperan baino bat gutxiago.

Atzo hiru pertsona ospitaleratu zituzten covid-19arekin, baina inor ez ZIUn, eta inor ez zen hil gaitzak jota. Hala ere, egun batzuk lehenago hildako baten berri eman zuten, eta 1.182 dira guztira koronabirusarekin hildakoak pandemia hasi zenetik. Intzidentzia metatua 61.179 kasukoa da ordutik.

Adinari dagokionez, azpimarratzekoa da ez dela 75 urtetik gorako inor kutsatu azken 24 orduetan.

Kasu gehien pilatu dituzten udalerriei dagokienez, Tutera ekialdea eta Iruñeko Arrotxapea auzoa daude denen buru, seina positiborekin. Corellan eta Azkoienen bosna atzeman dituzte, eta Sarrigurenen eta Burlatan, launa. Azkenik, Lesakan eta Mutiloan hiruna zenbatu dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.