Itxi

Gizartea

Txosten batean azaldu duenez

Urdangarinek 5,8 milioi euro jaso zituen, Fiskaltzaren arabera

Erredakzioa

Kopuruak bat egiten du Valentziako Gobernuak eta Balear Uharteetako Gobernuak Noos Institutuari emandakoarekin. Fiskaltzarentzat, baliteke diruaren zati bat Belize eta Erresuma Batura bideratu izana.

  • Ustez, Urdangarinek 5.810.120,28 euro jaso zituen. Argazkia: EITB

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak joan den azaroaren 2an egindako txosten baten arabera, Iñaki Urdangarin Palmako dukeak eta Diego Torres haren bazkideak 5.810.120,28 euro jaso zituzten 2004 eta 2007 urteen artean, "eurenak ziren edo administratzen zituzten zenbait enpresaren bitartez".

Diru kopuru horrek bat egiten du garai horretan Valentziako Gobernuak eta Balear Uharteetako Gobernuak Noos Institutuari emandako diru-laguntzarekin (5.804.533,90 euro).

Txostena Palma Arena auziaren sumarioaren zati bat da, eta, horren arabera, Noos Consultoria Estrategica, Virtual Strategies, Shiriaimasu, Intuit Strategy Innovat, Aizoon eta De Goes Center for Stakeholder Management enpresen bitartez fakturatu zuten diru kopuru hori Urdangarinek eta Torresek.

Fiskaltzaren ustez, Urdangarinek, Noos Institutuko presidente gisa, bere izenean zeuden sozietateei agindu zizkien hainbat lan, ''bere enpresak azpikontratatuz''.

Halaber, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren aburuz, baliteke Palmako dukeak eta haren bazkideak 909.940 euro gutxienez eraman izana Noos Institututik Belizen eta Erresuma Batuan sortutako "sozietate itxurako azpiegitura" batera.