Gizartea
Protesta
Herrialde guztientzako txertoak eskatu dituzte Iruñean
EiTB Media | Agentziak
"Txertaketa mundu mailan izaten ari den geldotasuna", salatu nahi izan dute Amnistia Internazionaleko eta Intermon Oxfameko kideek Nafarroako hiriburuan.
-
AIko eta Intermon Oxfameko kideek elkarretaratzea egin dute Iruñean. Irudia: EiTB Media
Amnistia Internazionaleko eta Intermon Oxfameko kideek elkarretaratzea egin dute Iruñeko Maristen ikastetxe zaharraren aurrean. Txertaketa gune bezala erabiltzen ari dira ikastetxea. Herrialde guztien artean txertoen bidezko banaketa bat bermatzea eskatu diete gobernuei eta sendagaien enpresei.
"Birusa pertsona guztientzako berdina da, baina ez haren ondorioak", "Osasun eskubidea, txerto negozioaren aurrean. Patenteak liberalizatu!", "Pertsona guztiak salbu gaudenean soilik libratuko gara" eta "Jendearentzako txerto bat, ez merkatuarentzat", kartelak erakutsi dituzte elkarretaratzean.
Carlos Orta Amnistia Internazionaleko bozeramaileak azaldu duenez, ekintzarekin "txertaketa mundu mailan izaten ari den geldotasuna", salatu nahi izan dute.
Une honetan, sendagaien enpresek Munduko Osasun Erakundearen bidez estatuek ezarritako mekanismoekin bat egin beharko lukete, "teknologiaren eta informazioaren hartu-emana errazteko", baina helburua "ez da betetzen ari, konpainiarik ez du plataformarekin bat egin".
Ortak salatu duenez, Munduko Merkataritza Erakundearen mekanismoak "arrazoizko eta beharrezko epe batean" salbuesteko lanik ez dute egin estatuek, munduko sendagai enpresa eta laborategi guztiek txertoak patente barik ekoitzi ahal izateko.
"Horregatik, patente baimenen salbuespena behingoz martxan jartzea eskatzen diegu gobernu guztiei", esan du Ortak. Sendagaien konpainia guztiei Munduko Osasun Erakundearen plataformarekin bat egitea eskatu die Amnistia Internazionalak, "teknologiaren eta ezagutzaren hartu-emana errazteko, txertoak ekoizteko munduaren gaitasun guztia herrialde guztietara heltzeko".
Erantsi duenez, pandemiarekin "ez dugu bukatuko, denak bat egin arte. Horretarako, mundu mailan txertaketa ahalik eta azkarren aurrera eramatea beharrezkoa da, eta horrela birusaren mutazioak eta munduaren osasuna arriskuan jartzea saihestu".