Gizartea
ZALDIBARKO ZABORTEGIA
Verter enpresak "pena handia" adierazi du, Beltranen gorpua ez berreskuratzeagatik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Zaldibarko zabortegiaren jabea eta kudeatzailea den enpresak bere babesa agertu dio Joaquin Beltranen familiari.
-
Verter Recycling, Zaldibarko zabortegiaren jabea eta kudeatzailea. Artxiboko argazkia: EFE
Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian bilatzeko lanak amaitu direla ezagutu ostean, gorputza ez berreskuratzearren "pena handia" adierazi du Verter Recycling zabortegiaren jabea eta kudeatzailea den enpresak.
Ohar baten bidez, "enpresako kide guztien samina" helarazi du Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen heriotzagatik. Alberto Sololuzeren gorpuzkiak abuztuan aurkitu zituzten.
Senideek eta lagunek kontsolamendurik ez dutela izango onartu arren, bere esku dagoen guztia egingo duela azpimarratu du Verterrek "une zail hauetan behar duten babesa emateko".
Bestalde, eskerrak eman dizkie hilabete hauetan guztietan lanean aritu diren pertsona guztiei, "beren ahaleginagatik eta arduragatik, nahiz eta azken emaitza desiratutakoa ez izan".
Azkenik, enpresak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko duela zabortegiko lurra egonkortzeko, baita luiziaren arrazoiak argitzeko ere.