Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nafarroak ostalaritzaren barrualdea irekiko du astelehenetik aurrera, muga batzuekin

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Barrualdean 22:00ak arte kontsumitu ahalko da, % 30eko gehienezko edukierarekin, salbuespenak salbuespen. Ezingo da barran kontsumitu.

  • Iruñeko Alde Zaharreko kafetegi baten barrualdea

    Iruñeko Alde Zaharreko kafetegi baten barrualdea. Artxiboko argazkia: EFE

Nafarroako Gobernuak ostalaritzaren barrualdea irekitzea baimenduko du heldu den astelehenetik aurrera, muga batzuekin bada ere. Barruan gehienezko edukiera % 30ekoa izango da, salbuespenak salbuespen. Izan ere, mahaien arteko distantzia handiagoa denean muga hori gainditu ahalko da.

Ostiral honetan Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den 16/21 foru aginduaren baitan jasota daude neurri horiek guztiak.

Taberna eta jatetxeetako barrualdeak 22:00ak arte zabaldu ahalko dituzte. Horretarako bi aukera dituzte ostalariek.

Arau orokor gisa, gehienezko edukiera % 30era mugatu dute, beti ere mahaien arteko distantzia bi metrokoa bada, horien ertzetik neurtzen hasita. Bezeroek eserita kontsumitu beharko dute, gehienez ere lauko taldetan. Barran eskariak egin eta jaso ahalko dira. Salbuespen gisa, mahai bakoitzean sei elkartzea baimentzen du Nafarroako Gobernuak, pertsonen arteko segurtasun distantzia 70 zentimetrokoa denean.

Maskara nahitaezkoa izango da jateko edo edateko unean izan ezik. Ostalariak gehienezko edukiera zenbatekoa dioten informazio kartelak jarri beharko ditu. Gainera, aireztatze egokia izan beharko da eta, ahal izanez gero, naturala.

Bigarren aukera gisa ostalariek fitxa tekniko bat eta erantzukizunezko adierazpen bat bete beharko dute, oro har ostalaritzak bete behar dituen baldintzez gain espezifikoak diren beste batzuk beteko dituztela hitzemanez. Aukera honen aldeko hautua egiten dutenek baldintza ezberdinak izango dituzte, edukierari eta mahaien arteko distantziari dagokionez. Halaber, CO2 neurgailuak eduki beharko dituzte.

Kasu horretan, barrualdeko gehienezko edukiera mahaien araberakoa izango da, betiere distantzia eta segurtasun neurriak beteta. Barruko mahaiak aulkietatik bi metroko distantziara jarri beharko dira eta gehienez 6 pertsona eseri ahalko dira mahai bakoitzean, pertsonen artean 70 zentimetroko tartea errespetatuta. 

Gainera, aukera horren aldeko apustua egiten dutenek trazabilitate-sistema bat martxan jarri beharko dute, positibo bat izatekotan bezeroekin azkar batean harremanetan jarri ahal izateko. Kasu honetan ere eserita kontsumitu beharko da, barran ez. Maskara ere derrigorrezkoa izango da kontsumitzeko unean izan ezik.

Ostalaritzako establezimenduetako terrazak, aldiz, 01:00ak arte egon ahal dira zabalik, baina gauerditik aurrera ezingo dute bezero berririk hartu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.