Itxi

Gizartea

Zaldibarko zabortegia

Jaurlaritzak amaitutzat eman du Joaquin Beltranen bilaketa Zaldibarko zabortegian

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Lehendakaria Beltranen familiarekin bildu zen atzo erabakiaren berri bertatik bertara emateko. Exekutiboak txostena egin du Beltranen gorpua ez topatzeko tartean izan diren arrazoiak aztertzeko.

2:39
Josu Erkoreka

Eusko Jaurlaritzak amaitutzat eman ditu gaur Joaquin Beltran Zaldibarko zabortegian bilatzeko lanak. Hondakindegia duela 15 hilabete amildu zen, azpian bi langile harrapatuta (Beltran bera eta Alberto Sololuze —haren gorpua abuztuan topatu zuten—). Atzo jakinarazi zien erabakia lehendakariak Beltranen senitartekoei, haiekin bilduta.

EITB Mediak aurreratutako albistearen nondik norakoak prentsaurrekoan azaldu dituzte Legebiltzarrean Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak.

Erkorekak aitortu duenez, lehendakariak "nahiago izango zuen beste mezu bat ematea, baina, zoritxarrez, ez da posible izan". Horren ildoan, Eusko Jaurlaritza guztiaren izenean, "doluminik sentikorrenak" eman nahi izan dizkie Segurtasun sailburuak.

"Erabilitako metodologia egokia izan da"

Erkorekak nabarmendu du azken 9 hilabeteotan dozenaka pertsona jardun direla "buru-belarri" bi langileen bila. Sololuzeren kasuan, "ahalegin horrek emaitza positiboa" izan zuen; ez, ordea, Beltranen kasuan. Jaurlaritzaren esanetan, horrek esan nahi du "erabilitako metodologia egokia" izan zela.

Horri loturik, Segurtasun Sailaren menpekoa den Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak azaldu du txostena egin duela Beltranen gorpua ez topatzeko egon litezkeen arrazoiak aztertzeko.

Segurtasun sailburuaren hitzetan, "bilaketa-lana planifikazio argiarekin eta metodologia zorrotzarekin gauzatu da. Bilaketa-esparruak kontu handiz identifikatu dira eta 400.000 metro kubiko baino gehiago miatu dira zehaztasun handiz".

Arantxa Tapia sailburuak, bestalde, argitu du eremua egonkortzeko lanetan jarraituko dutela, oraindik oso ezegonkor baitago. Lanok amaitutakoan, zabortegia zigilatu beharko du Verter Recycling enpresak. Azken kontu bat argi utzi nahi izan du Tapiak: "Zabortegia ez da inolaz ere berriz irekiko; hori argi geratu dadila". 

Joaquin Beltran bilatzeko lanak amaitu ondoren, gaurkoa "egun erraza" izan ez dela onartu du Iñigo Urkullu lehendakariak, "ezta zoriontsua ere". 15 hilabetetan zehar “pertsona askok ilusioz lan luzea egin dute”, desagertutako bi beharginen familiek "merezi" zutena lortzeko asmoz, nabarmendu duenez.

Oposizioko alderdietatik ere iritsi dira erreakzioak. Eusko Jaurlaritzak Joaquin Beltran topatzeko bilaketa amaitutzat jo ondoren, "gaur egun beltza eta tristea da Euskal Herriko historian", esan du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Horregatik, langilearen familiari "elkartasuna, maitasuna, gertutasuna eta ulermena", agertu dio.

"Bagenekien une hau iritsi behar zela, baina ez gaur heldu behar zenik, eta modu honetan", jakitera eman du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak; eta "EAJren kudeaketa porrot ikaragarria izan da", esan du Carlos Iturgaiz PP+C’s koalizioko bozeramaileak. 

Zaldibarko Udalak (Bizkaia) Joaquin Beltran bilatzen jarraitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, "gutxieneko aukera bat baldin badago", eta horrek iragarri du zabortegia egonkortzeko lanekin jarraituko duela.

Bestalde, Zaldibar Argitu herri plataformak Eizagako zabortegiko istripuan egondako "erantzukizun politikoak argitzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Horrez gain, mobilizazioak deitu ditu, eta "pena handia" adierazi du Verter Recycling zabortegiaren jabea eta kudeatzailea den enpresak.

2:02

Beltran zehazki non zegoen ez jakitea, oztopoetako bat

Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzaren txostenak 2020ko otsailaren 6tik erreskate-taldeek izandako zailtasunak xehatu ditu, baita bi langileak bilatzeko erabilitako metodologia eta planifikazioa ere.

Beltranen gorpua ez topatu izanaren inguruan, hainbat arrazoi aipatzen ditu txostenak. Lehenik eta behin, nabarmentzen du ez dakitela "Joaquin Beltran non zegoen zehatz-mehatz luizia izan zenean", eta, gainera, "litekeena da hura babesteko azpiegiturarik egon ez izana" (Sololuze baskulan zegoen).

Horrekin batera, eremuan neurtu dituzten tenperatura altuak, 70 ºC ingurukoak, eta lixibiatuak tarteko, gorpuzkiak deseginda egongo dira, ziurrena.

Bilaketa eta hondakinak bahetzeko lanetan hilabeteak eman dituzte. Artxiboko argazkia: EFE

Zure interesekoa izan daiteke: Txosten teknikoaren nondik norakoak

Agur ekitaldia Zallan

Bestalde, familiak jakinarazi du Joaquinen omenezko hileta-elizkizuna egingo du datorren ostegunean, maiatzaren 20an, Zallako (Bizkaia) San Miguel elizan.

Bilaketa-lanak amaitu izanaren kolpea jasota, sendiak EITB Mediari helarazi dio orain gertatutakoa gainditzen saiatzen ari direla.

Horixe da azaldu duten bakarra, ez baitute uneotan baloraziorik eta bestela erreakziorik plazaratu nahi. Horren ordez, Joaquin Beltranen agurra prestatzen ari dira.

Mobilizazioak Zallan, Zaldibarren eta beste udalerri batzuetan

Zaldibar Argitu herri plataformak Eizagako zabortegiko istripuan egondako "erantzukizun politikoak argitzeko" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta mobilizazioak egin ditu arratsaldean.

Plataformaren hitzetan, Zaldibarko hondamendiaren lehen egunetik "informazio eta gardentasun falta" izan da, eta orain, "agintariek auzi honetan egindako kudeaketa negargarriaren beste atal bat batu zaio". 

Nabarmendu dutenez, Joaquin Beltranen gorpua ez topatzea "erabateko porrota" da, bai senitarteko eta laguntzentzat zein herritarrentzat. 

"Zabor-jausiak eragindako kalte sozial eta ekologikoaz harago, gaur giza tragediak hartu du protagonismoa. Inoiz zarratuko ez den zauria zabalik utzi dute", salatu dute. 

Euren aburuz, auzia ezin da itxi "dagozkion erantzukizun politikoak argitu gabe. Begi-bistakoak dira zabortegiaren jabeen eta ordezkari politiko batzuen loturak. Eusko Jaurlaritzak ez jarraitzea erabakitzen badu, une egokia da gertatutakoaren ondorioak bere gain hartzeko eta erantzukizunak argitzeko, behar diren dimisio eta kargugabetzeekin". 

Arratsldean, mobilizazioak izan dira Zallan, Zaldibarren, Eibarren, Ermuan eta Elgetan, "Joaquin eta Alberto gogoan. Osasuna eta erantzukizunak" lelopean.

0:36

15 hilabeteko bilatze-lanak eta 21 milioiko gastua

Luizia 2020ko otsailaren 6an gertatu zen, Verter Recycling enpresak kudeatutako zabortegian, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak milaka tona hondakin toxikoren azpian harrapatuta geratu ziren.  

Eusko Jaurlaritzak "lehentasunezko lau eremu" zehaztu zituen, eta, denak arakatu arren, ez dute Joaquin Beltranen arrastorik aurkitu. Garbitokiaren eremuan egon zitekeela uste zuten, Joaquin Beltran Alberto Sololuzeri abisatzen saiatu zela uste baitute. Emaitzarik lortu ez zutela ikusita, beste eremu batean hasi zituzten lanak. Hain zuzen ere, Beltranen ibilgailua zegoen gunean. Eusko Jaurlaritzaren azken iragarpenaren arabera, maiatzaren 10aren bueltan hastekoak ziren zabortegiaren azken eremua arakatzen.

Sololuzeren gorpua 2020ko abuztuaren 16an topatu zuten, baina Beltranen arrastorik ez da, 15 hilabete bila eman arren.

Duela hilabete gutxi ETBn egindako elkarrizketa batean, Joaquin Beltranen familia kezkatuta agertu zen, gorpua aurkitu ez eta agintariek bilaketa-lanak bertan behera utzi eta zabortegia ixteko agindua eman zezaketen beldur.

"Bilaketa amaitutzat ematen dutenean zabortegia zigilatu egingo dute, eta aukerak bi baino ez dira: Joaquinen gorpua arinago topatzea edo galdutzat ematea", adierazi zuen Marta Alvarez familiaren bozeramaileak.