Itxi

Gizartea

Alarma-egoeraren amaiera

EAEko erresidentzietako egoiliarrak egunero atera ahalko dira paseatzera

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean adostutako neurri berriak datorren astelehenean sartuko dira indarrean.

  • Emakume bat adineko bati bisita egiten, Gasteizko zahar-etxe batean.

    Emakume bat adineko bati bisita egiten, Gasteizko zahar-etxe batean. Artxiboko argazkia: EFE

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erresidentzietako egoiliarrak egunero atera ahalko dira paseatzera eta astean bi senideren hiru bisita jasotzeko aukera izango dute.

Foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak zahar-etxeetako neurri murriztaileak arintzea erabaki dute, alarma-egoera amaitu dela eta txertaketa kanpaina aurrera doala kontuan hartuta.

Horrela, bada, adineko pertsonek egoitzatik ateratzeko aukera izango dute egunero, hala nahi izanez gero. Eta irteerek lehentasuna izango dute bisiten aurrean.

Horrez gain, "paseo terapeutikoak" lehenetsiko dituztela zehaztu dute, "eremu itxiak eta jende asko pilatzen den tokiak saihestuz". Sarrerak eta irteerak antolatzeko ardura zentro bakoitzaren esku egongo da.

Erresidentzian covid-19 agerraldi bat antzemanez gero, galarazita egongo da erresidentziatik ateratzea.

Bestalde, egoiliarrek astean gutxienez hiru bisita izateko aukera izango dute. Horretarako gela bereziak prestatu beharko dira tea bisitaldi bakoitzean gehienez bi senide bertaratu ahalko dira. Bisitak ordubetekoak izango dira.

Topaketa horietan segurtasun neurri zorrotzak hartuko dira eta derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea eta eskuak garbitzea.