Gizartea
KORONABIRUSA
Positibotasun tasa % 2,5era jaitsi da Nafarroan, martxoaz geroztik daturik onena
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Atzo, 66 positibo zenbatu zituzten eta koronabirusarekin 95 urteko gizon bat hil zela jakinarazi zuten.
-
Osasun langile ZIU batean. Artxiboko argazkia: EFE.
Heriotza bat eta 66 positibo baieztatu dituzte azken orduetan Nafarroan, 2.634 proba egin ostean, eta positibotasun tasa % 2,5era jaitsi da, martxoaren 10az geroztik izan den daturik onena.
Bezperan baino 9 positibo gutxiago dira, duela astebete baino 42 gutxiago (108 kutsatze atzeman ziren orduan) eta duela 14 egun zenbatutako 156 kasuetatik urrun.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerriei dagokienez, Etxarri Aranatz (perimetralki itxita) eta Tutera Ekialdea dira denen buru, bosna positiborekin. Hiruna kutsatze zenbatu dituzte Antsoainen, Buñuelen, Beriainen, Lakuntzan eta Iruñeko Txantrea eta Iturrama auzoetan.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 134 paziente zeuden erietxeetan, bederatzi ospitaleratze izan ziren eta horietako bat zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten. Halaber, azken egunetan 95 urteko gizon bat koronabirusarekin hil zen jakinarazi zuten.
Pandemia hasi zenetik 1.178 pertsona zendu dira Nafarroan covid-19aren ondorioz, eta, guztira, 60.818 kutsatze izan dira.
Osasunbideako profesionalei dagokienez, bederatzi langile daude kutsatuta. 13.000 beharginek osatzen dute osasun sistema publikoko lantaldea.
Adinari dagokionez, positibo gehienak (% 27) 45 eta 59 urte bitartean antzeman dituzte; % 25, 15 eta 29 urte bitartean; % 22, 30 eta 44 urte bitartean; % 16, 15 urtetik beherakoen artean; % 8, 60 eta 75 urte bitartean; eta % 2, 75 urtetik gorakoen artean.
Positibo berrien batez besteko adina 36,5 urtekoa da.