Gizartea
ELKARRIZKETA
Iñaki Subijana: "Alarma egoera luzatzeak murrizketen arazoa konponduko luke"
EITB MEDIA
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan duenez, autonomia erkidegoek arau-argitasun arazo bat dute, eta, ondorioz, ezin diete argi berdea eman eskatu dituzten murrizketei.
-
Iñaki Subijana
Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak Radio Euskadi saioan adierazi duenez, autonomia erkidegoak argitasun arazo batean murgilduta daude alarma egoera amaitu ostean, eta horrek eragotzi egiten du justiziari eskatu dizkioten murrizketetako batzuei argi berdea ematea.
Zentzu horretan, Iñaki Subijanaren ustez, "alarma egoera luzatzeko egoerak berehalako egoera bati berehalako irtenbidea ematea ahalbidetzen zuen", eta, nabarmendu du, ad hoc alarma egoera bat, erkidego zehatz batentzat, legeak jasotzen duen aukera dela.
Epailearen ustez, Kanarietako autonomia erkidegoak bere helburuak lortzen baditu, hau da, Auzitegi Gorenak datozen orduetan eskatuko dituen oinarrizko eskubideen mugei argi berdea ematea, "gainerako autonomia erkidegoek ezartzen den jurisprudentziari heldu ahal izango liokete beren helegiteetan".
Lan-erregulazioko espedienteak
EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak Lan-erregulaziorako espedienteen inguruan esan duenez, emaitza judizial ezberdinak izaten dituzte, kasuak, hala iruditu arren, ez baitira beti berdinak izaten; gainera, bere ustez "ohitu beharko gara arau juridikoek interpretazio desberdinak ahalbidetzen dituztela" onartzera.
Espetxeen kudeaketa
Espetxeen eskumena Euskadira pasa izanaz galdetuta, Subijanak adierazi du "ikusteko" dagoela "zein espetxe eredu ezartzen den".
Zentzu horretan, justizia leheneratzailearen eredua azpimarratu du Subijanak, bai eta horrek dakartzan baldintzak ere, hala nola biktimen eta biktimarioen arteko komunikazio-prozesu bat ezartzea, horrek barne hartzen duelarik "eragindako mina aitortzea eta, ahal den neurrian, konpontzea ere".
Gai horiez aparte, Zabalza auziaz adierazi du, berak bere garaian kasua artxibatu bazuen hori izan zela zituzten hiru hipotesiek ez zutelako "nahikoa pisu informatibo ikerketarekin aurrera jarraitzeko". Hala ere, Subijanak argi dauka "zer gertatu zen jakitea" dela desiragarriena; horregatik, gertatutakoa argitzen lagunduko luketen informazioak egonez gero, dagokion organo judizialari helarazi beharko liratekeela uste du, hark beharrezko ikusiz gero kasua berriro ireki eta ikerketarekin jarraitzeko.
Aurre egin beharreko erronken artean nabarmendu ditu sistema judizialaren digitalizazioa eta indarkeria matxistaren biktimentzako babesa handitzea.
Era berean, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzarekin, erakunde mailan, harremana "oso ona" dela eta elkarlanean martxan dituzten proiektuekin jarraitzea dagokiela orain.