Gizartea
KORONABIRUSA
Positiboak 60raino jaitsi dira Nafarroan, baina beste bi lagun hil dira
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Duela astebete baino 45 gutxiago dira, eta duela 14 egun baino 68 gutxiago. 47 urteko emakume bat hil da covid-19arekin eta ospitaleetan 152 paziente daude.
-
Nafarroako Ospitale Gunearen Larrialdiak. Artxiboko argazkia: EFE.
Covid-19 positiboek beherakada nabarmena izan dute azken orduetan Nafarroan, 60 atzeman baitituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Ohikoa da igandeetan kutsatzeek behera egitea (proba diagnostiko gutxiago egin ohi dira), baina aurreko bi igandetako datuekin alderatuta jaitsiera aipagarria erregistratu da. Hain zuzen ere, duela astebete baino 45 gutxiago dira, eta duela 14 egun baino 68 gutxiago.
Zehatz jarrita, atzokoan 1.316 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 463 gutxiago) eta horietatik % 4,6 positibo izan ziren. Positibotasun tasa ia puntu bat jaitsi da (% 5,7an zegoen aurreko egunean).
Beherakada orokor horrek udalerrietan izan du isla, ez baita inon bost kasu baino gehiago zenbatu. Hain justu, bosna positibo atzeman dituzte Altsasun eta Iruñeko II. Zabalgunean. Txantrea auzoan (Iruñea) lau kutsatze izan dituzte, eta hiru, berriz, Iturraman.
Bestalde, ospitaleetan 152 paziente daude koronabirusak jota, larunbatean baino bederatzi pertsona gehiago, hain zuzen ere.
Atzo, zazpi ospitaleratze izan ziren eta horietako bat zainketa intentsiboetako unitatera eraman zuten. Gainera, azken egunetan 96 urteko gizon bat eta 47 urteko emakume bat hil direla jakinarazi dute. Guztira, 1.177 heriotza izan dira Nafarroako covid-19aren ondorioz.
Adinari dagokionez, positibo gehienak ondoko taldeetan antzeman dituzte, hurrenez hurren: kutsatzeen % 32 30 eta 44 urte bitartean eta 45 eta 59 urte bitartean detektatu dituzte; % 20, 15 urtetik beherakoen artean; % 11, 15 eta 29 urte bitartean; % 3, 60 eta 75 urte bitartean; eta % 2, 75 urtetik gorakoen artean.
Positibo berrien bataz besteko adina 35,8 urtekoa da.