Itxi

Gizartea

Herri Urrats

Jorajuria: “Pandemia ala ez, irtenbideak atzeman behar ditugu datozen urteetarako”

Berezi Fernandez | EITB Media

Herri Urratsek 30 ekitaldi txiki antolatu ditu aurten, ikastolen festa ospatzeko eta Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko dirua biltzeko.

  • Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria

    Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Koronabirusaren krisiak ohiko Herri Urratsa ospatzea ekidin du, bigarren urtez jarraian. Hala ere, 30 ekitaldi txiki antolatu dituzte Ipar Euskal Herriko herri ezberdinetan. Antolatzaileek agerraldia egin dute Senperen, 2021eko edizioaren helburuak zeintzuk diren gogorarazteko eta etorkizuneko erronkei ekiteko.

“Boga” lelopean, Seaskaren sarea osatzen duten 38 ikastetxeek 30 “Herri Urrats txiki” antolatu dituzte, Ipar Euskal Herriko nerabeei euskaraz ikastea ahalbidetuko dien bosgarren kolegio bat eraikitzeko dirua biltzeko. Izan ere, egun 1.000 ikasle daude Seaskaren Bigarren Hezkuntzako lau ikastetxetan, eta, aurreikuspenen arabera, datozen urteetan % 30 haz daiteke ikasle kopurua.

Herri Urratsen agerraldia, Senperen. Argazkia: EITB Media

Senpereko agerraldian, “elkartasunerako” deia egin du Peio Jorajuriak. Seaskako lehendakariak azaldu duenez, “pandemia ala ez, irtenbideak atzeman behar ditugu datozen urteetarako”. “Haurrak hor ditugu eta ez dugu aski lekurik", adierazi du. Hortaz, herritarrei ekimenarekin bat egiteko eskatu die, “proiektuak elkartasunaren bidez” soilik atera daitezkeelako aurrera.

Ihintza Bidart Herri Urratsen koordinatzaileak haur eta gazteen gurasoek egindako lana goraipatu du prentsaurrekoan. “Guraso guztiak inplikatu egin dira”, azaldu du, “euskararen eta ikastolen bestak nahi bezala ospatzeko” aukera izateko.

Herri Urratsen xedea 300.000 euro lortzea da, baina covid-19aren krisia tarteko, dirua biltzeko bide berriak bilatu behar izan dituzte. Hala, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan antolatutako ekitaldietan parte hartzerik izan ez duenak Internet bidez eman dezake dirua, aurtengo ediziorako propio sortutako webgunean.