Gizartea
KORONABIRUSA
580ra jaitsi dira kasu berriak EAEn baina 174 lagun daude ZIUetan
E.J. | EITB MEDIA
Kasuak eta positibotasuna jaitsi egin dira atzotik, eta nabarmena da kasuen beherakada aurreko bi larunbatekin alderatuta: duela astebete baino 189 kasu gutxiago eta duela bi urte baino 355 gutxiago.
-
Osasun langileak PCR probak egiten. Argazkia: EFE.
Atzo, ostirala, covid-19a atzemateko 9.929 proba diagnostiko egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan (PCR eta antigenoen testak) eta horietatik 580k positibo eman zuten ( % 5,8), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez.
Lurraldeka, 43 kasu berri atzeman ziren Araban, 299 Bizkaian eta 238 Gipuzkoan.
Positiboen beherakada oso nabarmena izan da, bai bezperako datuekin alderatuta (39 gutxiago), bai azken bi larunbatetan emandako datuekin alderatuta ere: 769 positibo izan ziren maiatzaren 1ean eta 935 apirilaren 24an.
Positibotasun tasa osteguneko % 6,6tik ostiral honetako % 5,8ra jaitsi da.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo 59 pertsona ospitaleratu zituzten covid-19a dela eta (bezperan 66). eta 174 pertsona zeuden arrazoi horregatik Zaintza Intentsiboetako Unitateetan (aurreko egunean baino bat gehiago).
Euskadin 14 egunetan pilatutako intzidentzia 462,65 kasukoa zen atzo, 100.000 biztanleko. Informazio hori ez da astelehenera arte eguneratuko, ezta RO indizea ere (atzo 0,86 izan zen).
Covid-19 kasu berriak 112raino jaitsi dira Nafarroan
Beheranzko joerari eutsi dio beste egun batez Nafarroak, 112 covid-19 kasu berri atzeman baitzituzten ostiralean, bezperan baino 13 gutxiago, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Duela 7 egun baino 48 kasu gutxiago (160) dira eta duela 14 egun baino 53 gutxiago (165).
Nolanahi ere, positibotasun tasa % 5ean mantendu zen 2.236 PCR eta antigeno proba egin ondoren, aurrego eguneko tasa bera, beraz.