Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Covid-19 kasu berriak 112raino jaitsi dira Nafarroan

EITB MEDIA

Zortzigarren egunez jarraian, 150eko langatik behera daude kutsatzeak. Tuteran atzeman zituzten atzo positibo gehien: zortzi.

  • Osasun langile bat PCR proba bat egiten.

    Osasun langile bat PCR proba bat egiten. Artxiboko argazkia: EFE.

Beheranzko joerari eutsi dio beste egun batez Nafarroak, 112 covid-19 kasu berri atzeman baitzituzten ostiralean, bezperan baino 13 gutxiago, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Duela zazpi egun baino 48 kasu gutxiago (160) dira eta duela 14 egun baino 53 gutxiago (165).

Nolanahi ere, 2.236 proba (1.357 PCR eta 879 antigeno test) egin ziren eta positibo tasa % 5ean mantendu zen; aurrego eguneko tasa bera, beraz.

Tuteran atzeman dituzte kutsatze gehien: hamar. Ondoren, Iruñeko San Juan auzoan, bost. Iruñean eta bere eskualdean zenbatu ziren kasu positibo berrien % 37; Tutera aldean, % 16; Lizarraldean, % 11, eta Nafarroako gainontzeko eskualdeetan, % 36.

Adinaren arabera, positibo berrien talde nagusia 45-59 urte bitartekoena (% 39) eta 15 urtetik beherakoena (% 21) izan ziren; ondoren, 15-29 urte bitartekoena (% 19), 30-44 urte bitartekoena (% 11), 60-75 urte bitartekoena (% 5) eta 75 urtetik gorakoena (% 5).

Gobernuak emandako datuen arabera, atzo zortzi pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, horietako bat ZIUn; beraz, guztira, 152 ziren covid-19a dela-eta ospitaleratutako pertsonak (ostegunean baino 13 gutxiago), horietako 28 ZIUn (2 gehiago).

Gainera, atzo ez zen hildakorik izan. Nafarroan, guztira, 1.174 heriotza baieztatu dira covid-19ak eraginda, eta 60.516 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik.

Exekutiboak gaineratu duenez, 7.185 txerto jarri zituzten ostiralean. Hala, 289.482 dosi jarri dituzte guztira, eta 88.928 pertsonak hartu dituzte bi dosiak.

Koronabirusaren intzidentzia handiagatik perimetralki itxitako herriei dagokienez, Funesen larunbatean kenduko dute debekua, baina Etxarri Aranatzen eta Lakuntzan beste astebetez luzatuko dute, maiatzaren 13ra eta 15era arte, hurrenez hurren.

Larunbat honetan, 00:00etan, alarma egoera bertan behera geratuko da estatu osoan. Horren aurrean, Maria Chivite Nafarroako presidenteak nabarmendu duenez, "deseskalatze zuhur, progresibo, mantso eta segurua" egingo dute maiatzean. Indarrean izango diren neurri murriztaileei dagokienez, etxeratze aginduari eutsiko diote, baina ez itxiera perimetralari.

Ostalaritzari dagokionez, 12:00ak arte barruko mahaiak erabiltzeko baimena emango dute, eta bazkariak eta afariak eskaintzeko aukera izango da 22:00ak arte. Maiatzaren 17tik aurrera, ostalaritzaren barnealdea pixkanaka zabaltzen hasiko dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.