Gizartea
Koronabirusa
Nafarroak ostalaritzaren barnealdea pixkanaka zabalduko du maiatzaren 17tik aurrera
EiTB Media | Agentziak
Alde batetik, 12:00ak arte barruko mahaiak erabiltzeko baimena emango dute, eta, bestetik, bazkariak eta afariak eskaintzeko aukera izango da 22:00ak arte.
-
Jendea Iruñeko taberna baten barruan. Argazkia: EFE
Ekonomia eta zerbitzu ezberdinen jarduera ahalbidetzeko bide-orri bat onartu du Nafarroako Gobernuak. Maiatzean eta ekainean aplikatuko dute. Besteak beste, maiatzaren 17tik aurrera ostalaritzaren barnealdea “pixkanaka-pixkanaka eta modu ordenatuan” irekiko dute.
Exekutiboak agiri batean azpimarratu duenez, neurriak malgutzeko prozesua “pixkanaka-pixkanaka eta zuhurtziaz” egitea nahi dute, “pandemiaren eta txertaketa-prozesuaren bilakaera kontuan hartuta”.
Maiatzaren 9tik aurrera, posible izango da etxeetan eta toki pribatu zein publikoetan bizikideak ez diren bi talde biltzea, hori bai, askoz jota 6 pertsona. Era berean, etxeratze-agindua mantentzea planteatu du Gobernuak, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak berretsi beharko du.
Ostalaritzan, terrazak erabiltzeko ordutegia 22:00etara arte luzatuko da, eta erkidegoaren itxialdi perimetrala bukatuko da.
Ostalaritzari dagokionez, lehen fase batean neurriak malgutzea aurreikusi dute. Horrela, alde batetik, 12:00ak arte barruko mahaiak erabiltzeko baimena emango dute, eta, bestetik, aldez aurretik adierazpen arduratsu bat eta fitxa tekniko bat betez, bazkariak eta afariak eskaintzeko aukera izango da 22:00ak arte.
Bezeroen trazabilitate-sistema
Gainera, jankideen trazabilitate-sistema bat martxan jarriko dute, positibo bat izatekotan bezeroekin azkar batean harremanetan jarri ahal izateko. Bazkarietako zein afarietako jankideekin harremanetan jartzeko sistema automatiko bat martxan jartzeko gomendioa emango dute, baita aireztatze-baldintzak kontrolatzea ere.
Aforo-mugarik ez da egongo, bai, ordea, segurtasun-distantzia: bezeroen arteko eserlekuen artean metro bat, eta bi metro mahaien artean; eta mahai bakoitzeko 6 jankide.
Merkataritza-gune handien aforoa
Saltokiei dagokionez, merkataritza-gune handietako aforoa % 40koa da, eta ordutegi-murrizketak desagertuko dira.