Itxi

Gizartea

HERRI URRATS

"30 Herri Urrats ttipi", sarea indartzen jarraitzeko

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Ikastolei arnasa eman ohi dieten ospakizunak bertan behera geratu diren honetan, Herri Urratseko antolatzaileek egoera berrira egokitutako ekitaldi sorta antolatu dute igande honetarako.

  • Ihintza Bidart, Herri Urratseko koordinatzailea.

    Ihintza Bidart, Herri Urratseko koordinatzailea.

Esparru guztiak astindu ditu pandemiak, eta euskara ere bete-betean harrapatu du; maila sozialean ez ezik, ekonomikoan ere handia izaten ari da kaltea. Bigarren urtez jarraian, covid-19ak ez du ahalbidetuko maiatzeko bigarren igandean euskara erdigunean jarri eta Senpereko aintziraren jiran jendetza batzea. 50.000 pertsona baino gehiago biltzen dituen ospakizuna izaki, Herri Urratsek bere ohiko formatua atzean utzi eta pandemia garaiotara egokitu beste aukerarik ez du izan. "Herri Urrats handi bat ezin dugu antolatu, baina Herri Urrats txiki anitz, zergatik ez?". Galdera horri tiraka hasi, eta 30 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan barna, maiatzaren 9rako, "Boga" lelopean. Ihintza Bidart ari da guztiak koordinatzen eta saretzen, eta, mugikortasun neurriak tarteko, tokian tokiko festa horietara joan ezin diren euskaltzaleei, bakoitzak bere modura ospatzeko deia egin die.

Ospakizunaren eredua goitik behera aldatu badute ere, helburuak ("sozialak eta ekonomikoak") ez direla aldatu esan du Bidartek. Euskararen sustapenerako ezinbesteko tresna da Herri Urrats bere sorreratik, eta ikastolen proiektuari ekonomikoki eusteko ere, diru-iturri ezinbestekoa da. "Iaz ospakizun nagusia bertan behera geratu zen arren, jendearen elkartasunari esker, lortu genuen Seaskarentzako laguntza bat, baina hori ez da aski. Gure ikastolen premiei erantzuteko, aurten beharrezkoa da helburu ekonomikoa betetzea. Horregatik, urtarrilean, besteak beste, 'Boga' diru-bilketa kanpaina abiatu genuen", nabarmendu du.

37 ikastetxek osatzen dute Seaskaren sarea Ipar Euskal Herrian, eta Bardozeko ikastola berria batuko zaie irailean, 38.a. Xarnegu eskualdeko haurrak hartzeko izango da, eta, oraingoz, lau ikaslerekin abiatuko dute datorren ikasturtea. Herri Urratseko koordinatzailearen hitzetan, "euskara kinka larrian da eskualde horretan, eta Xarnegu ikastola euskararen pizgarri izan dadin nahi dugu".

Bigarren Hezkuntzako kolegioen kasuan ere, "eskaintza ttipi" geratzen ari zaiela esan du, "Lehen Hezkuntzan azken urteotan izandako uholdea Bigarren Hezkuntzara igaro delako". Eskaera horri erantzutea da esku artean duten beste erronketako bat, eta 11-14 urteko ikasleak hartzeko bosgarren kolegio bat ireki nahi dute Lapurdin "ahalik eta azkarren".

"Orain dela mende bat euskalduna zen Ipar Euskal Herriko biztanleriaren gehiengoa. Egun, lautik hiruk ez daki euskaraz"

Begirada ikastoletan bakarrik ez, hezkuntza publikoan ere jarrita du Seaskak azken urteotan, "sare publikoetako eskoletan murgiltze eredua garatzeko eskubidea ukan dezaten ikasleek". Tokiko administrazioetako ordezkariekin ari dira gaia lantzen, baina baita Frantziako Gobernuko Hezkuntza Ministerioko kideekin ere, eta borroka horren erdian iritsi berri da Frantziako Asanblea Nazionalak hizkuntza gutxituen aldeko legea onartzea. Itxaropenerako ate bat zabaldu dela aitortu arren, azken urteetako eskarmentuak esaten die "edozer" etor daitekeela. Beraz, "tentuz" hartu dute albistea. "Dagoeneko, hasi dira trabak jartzen, Frantziako Konstituzio Kontseilura joz, legea bertan behera gera dadin. Dudarik ez, lege hori osoki beteko balitz, urrats garrantzitsua izango litzakeela, legeak baitio eskola guztietan beharko luketela euskarazko eskaintza bat proposatu. Baina Frantzia aspaldiko ezaguna dugu eta badakigu gai direla haiek bozkatutako legeak ere ez betetzeko", esan du Bidartek.

Asko egin da, baina asko dago egiteko, eta Ipar Euskal Herriko etengabeko aldaketa soziologikoek bereziki kezkatzen dituzte euskalgintzako eragileak. Azken urteotako datuen arabera, jaiotza-tasa jaisten ari bada ere, biztanle kopurua nabarmen hazi da. "Urtero, 10.000 pertsona inguru gehiago dira Frantziatik honat bizitzera etortzen direnak, eta gehienek ez dute gure herriari buruz deus ezagutzen, ez hizkuntzari buruz ezta kulturari buruz ere". Egoera ikusita, inoiz baino beharrezkoa dela irizten dio Bidartek "ikastolen sarea indartzea" eta "beste sareek ere ahal bezainbat eskaintza euskaraz ematea". Horren hitzetan, "orain dela mende bat euskalduna zen biztanleriaren gehiengoa. Egun, lautik hiruk ez daki euskaraz". 

Azken neurketa soziolinguistikoen emaitzak ekarri ditu Herri Urratseko koordinatzaileak: "ikastolen garatzearekin batera, azken urteetan belaunaldi berriak euskara berreskuratzen ari direla diote azterketek. Indar horri eutsi behar diogu, eta horretarako denen laguntza behar dugu". Hala, igandean egingo diren festa guneetan parte hartu ezin duten herritarrei, euren ekarpen ekonomikoa egiteko deia egin diete antolatzaileek, horretarako dauden bideen berri emanez: web atarian sartuta, batetik, eta ondorengo kontu zenbakietara zuzenean ekarpena eginda, bestetik:

Caisse d'épargne: FR76 1333 5000 4008 9397 1116 819 

Crédit Mutuel: FR76 1027 8023 8500 0201 4340 107

Euskadiko Kutxa: ES87 3035 0059 8205 9073 1197

Kutxabank: ES98 2095 5045 8710 6117 7332

BIDEOA: Maddalen Arzallus Herri Urrats jaiaz, aste honetak 'Kantualidadea'n

3:39