Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Covid iraunkorra duten gaixoak artatzeko gida klinikoa aurkeztu dute

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Gaixo horiek artatzen dituzten osasun profesionalei laguntza tresnak ematea eta irizpide bateratuak eskaintzea du helburu gidak.

  • Iraupen luzeko koronabirusa duen gaixoa

    Iraupen luzeko koronabirusa duen gaixoa. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Covid iraunkorra duten gaixoen arreta hobetzea helburu duen gida bat osatu dute zientzialarien eta gaixoen 48 elkartek elkarlanean. Estimazioen arabera, koronabirusarekin kutsatutakoen % 10ek sintomak izaten jarraitzen dute 12 aste igaro ondoren.

"Long covid edo covid iraunkorra duen gaixoari arreta emateko gida klinikoa" Espainiako Medikuntza orokorreko elkarteak eta LONG COVID kaltetuen elkarteak koordinatu dute.

Edozein espezialitateko osasun profesionalei laguntza tresnak ematea eta irizpide bateratuak eskaintzea du xede gidak, betiere, ebidentzia zientifikoetan eta eskura dauden esperientzietan oinarrituta.

Laguntza eredu "partekatu" eta "holistikoa" proposatu dute, osasun langileek ez ezik gaixoek ere parte har dezaten. Halaber, Lehen Mailako Osasun Arretan oinarrituta egongo da.

Koronabirusa gainditu ondoren, bizpahiru hilabetera, oraindik ere sintomak dituzten gaixoei covid iraunkorra dutela esaten zaie.

Gidaren koordinatzaileetako batek, Felipe Gomezek, azaldu duenez, kaltetuen erdiak baino gehiago 30 eta 50 urte arteko emakumeak dira. "Ez dugu, ez pronostikorik, ez diagnostikorik, ezta tratamendurik ere", deitoratu du Gomezek.