Itxi

Gizartea

golardoa

Felix Goñi EHUko biofisikariak Humboldt ikerketa saria jaso du

eitb media

Golardo garrantzitsuenetariko bat da Europako zientziaren arloan, eta Donostiako zientzialariaren "ikerketa eta irakaskuntza lorpen garrantzitsuak" saritu ditu.

  • Felix Goñi. Argazkia: EHU

    Felix Goñi. Argazkia: EHU

Felix M. Goñi EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak Humboldt ikerketa saria jaso du 2021eko edizioan. Saria Alexander von Humboldt Fundazioak ematen du, eta Europako sari garrantzitsuenetakoa da zientziaren arloan.

Euskal Herriko Unibertsitatearen esanetan, Donostiako zientzialariak "ikerketa eta irakaskuntza arloetan egindako lorpen garrantzitsuak" nabarmendu ditu Fundazioak. Sarituak 60.000 jaso ditu, golardoarekin batera.

Goñiren hitzetan, "topiko bat da esatea sari honek urte luzez egindako talde lana saritzen duela". Kasu honetan, ordea, "topikoa egia da". Doktoregoko eta doktorego ondoko "hamaika ikaslek lagundu dute nire laborategian, lau hamarkada luzez".

"Eta taldearen oinarria, funtsezkoa, gutxi ikusten bada ere, nire emaztea da, Alicia Alonso irakaslea", gaineratu du irakasleak. Pozik agertu da saria bere ibilbide akademikoaren amaieran iritsi delako, aurten hartuko baitu erretiroa.

"Urrezko amaiera, brontzezko ibilbide batentzat"

Felix Goñi Medikuntzan eta Kirurgian doktorea da (Nafarroako Unibertsitatea), eta Londresko Unibertsitatean osatu zuen bere formakuntza. EHUko irakasle atxikia da 1978tik, eta Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna 1984tik.

Ikergai nagusi ditu mintz zelularrak, eta horiei buruzko 300 artikulutik gora argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, beste argitalpenetan 14.000 aldiz baino gehiagotan aipatu izan dituztenak.

Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Politika Zientifikoko zuzendari (1995-1999) izan da, baita CSIC-EHU ikergune mistoaren Biofisikako Unitatearen zuzendari (2002-2015) ere. Era berean, egonaldiak egin ditu irakasle eta ikertzaile gisa Victoria Unibertsitatean (Kanada), Bath Unibertsitatean (Erresuma Batua) eta Bartzelonako Centre de Recerca Genomican.

Katedradunak sari ugari jaso izan ditu, baina eman berri diotena, adierazi duenez, "urrezko amaiera da, brontzezko ibilbide batentzat".