Gizartea
KORONABIRUSA
Nafarroak 134 positibo berri zenbatu ditu, bezperan baino 17 gehiago
NAIARA BALLESTEROS | EITB MEDIA
Dena dela, duela astebete atzemandako 180ak baino nabarmen gutxiago dira, baita duela 14 egun zenbatutako 184ak baino gutxiago ere.
-
Laborategiko langile bat lagin batzuekin. Artxiboko argazkia: EFE.
134 positibo berri atzeman dituzte Nafarroan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.
Zehazki, atzokoan 2.697 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 418 gutxiago), eta horietatik % 5 positiboak izan ziren. Positibo-tasa, beraz, puntu bat eta erdi igo da, asteartean % 3,5ekoa baitzen.
Positibo-kopurua bezperan baino urriagoa da, 17 gutxiago baitira, eta duela astebete atzemandakoak baino 45 gutxiago eta duela 14 egun zenbatutakoak baino 48 gutxiago.
Bestalde, 168 paziente zeuden atzo ospitaleratuta Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino 12 gutxiago. Atzo koronabirusarekin lotutako bost ospitaleratze izan ziren, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan, eta aurreko egunetan pertsona bat hil zen, 86 urteko gizon bat. Guztira 1.174 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz Nafarroan.
Kutsatze berriei dagokienez, Iruñerrian eta bere eskualdean kasu positiboen % 51 izan dira, Tuteran % 8 eta Lizarran % 6. Gainerako positiboak (% 35) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Etxarri Aranatzen (perimetralki itxita dago), 11 kutsatze zenbatu dituzte, eta Iruñeko Arrotxapea auzoan, bederatzi. Tuteran, Leitzan eta Barañainen zazpina kasu atzeman dituzte; Altsasun, sei izan dira, eta Mutiloan, bost.
Kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 urtetik beherakoak (% 32) eta 30 eta 44 urte bitartekoak (% 21) dira. Ondoren, 15 eta 29 urte bitarteko taldeak (% 15) eta 60 eta 75 urte bitartekoak (% 15) daude. Azkenik, 45 eta 59 urte bitarteko taldeak (% 14) eta 75 urtetik gorakoak (% 3) daude.
Positibo berrien batez besteko adina 34,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 51 gizonezkoak dira eta % 49 emakumezkoak.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 60.280koa da Nafarroan.
Nafarroak 6.999 txerto eman zituen atzo
Atzo, 6.999 dosi eman zituzten Nafarroan, eta 274.158 txerto jarri dituzte guztira Foru Erkidegoan.
Orain arte 301.345 dosi jaso ditu Nafarroak. 84.348 pertsonak jaso dituzte, gainera, bi dosiak, horietatik 2.239k atzo.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranatz eta Lakuntzako itxiera perimetrala beste astebetez luzatzea adostu du, birusaren hedapenari eusteko. Ezohiko neurri horien lehen luzapena da, eta alarma-egoera bertan behera geratuko dela eta, arau-esparru berrira egokitzeko proposamena osatu du Gobernuak.
Etxarri Aranatzen (2.500 biztanle inguru ditu), neurria apirilaren 15ean sartu zen indarrean eta, gaur hartutako erabakiarekin, maiatzaren 13ra arte luzatuko da. 100.000 biztanleko 2.134 kasuko intzidentzia du azken 14 egunetan, eta 7 egunean, berriz, 1.288 kasukoa.
Lakuntzaren kasuan (1.200 biztanle baino gehiago ditu), maiatzaren 1etik dago itxita, eta horrela jarraituko du maiatzaren 15era arte. 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 5.316 kasukoa da, eta, 7 egunean, 3.596 kasukoa.
Mugikortasun-mugatik kanpo geratzen dira laneko, osasuneko eta hezkuntzako betebeharrekin, ohiko bizilekura itzultzearekin, pertsona zaurgarriei arreta ematearekin eta ezinbesteko beste arrazoi batzuekin zerikusia duten joan-etorriak.
Beraz, mantendu egiten dira gaur egun udalerri konfinatuetan aplikatzen diren neurriak, eta maiatzaren 9tik aurrera indarrean sartuko den malgutzeak ez du neurri horietan eraginik izango.
Bestalde, Funes (joan den apirilaren 23tik konfinatuta) berriro irekiko da larunbat honetan, azken astean positiboak jaitsi ostean. 2.400 biztanle baino gehiago dituen herrian, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 2.459 kasutatik 2.131 kasutara igaro da. Neurriek 7 eguneko indizean izan duten eragina oso nabarmena da, 100.000 biztanleko 1.393 kasu izatetik 450 kasu izatera igaro baita. Halaber, positiboen trazabilitatea oso altua da eta joera beheranzkoa da argi eta garbi.