Gizartea
Koronabirusaren semaforoa
Arrigorriaga, Barakaldo, Bermeo, Derio eta Portugalete eremu gorritik irten dira
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Gainera, Berango, Markiña-Xemein eta Zalla laranjatik horira igaro dira egoerak hobera egin ostean. Araban eta Gipuzkoan ez dago aldaketarik.
-
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa
Arrigorriaga, Barakaldo, Bermeo, Derio eta Portugalete, guztiak Bizkaiko udalerriak, eremu gorritik irten dira, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Gainera, egoerak hobera egin du Berangon, Markina-Xemeinen eta Zallan, eta laranja utzi eta eremu horira igaro dira.
Arabak (330 kasu 100.000 biztanleko) eta Gasteizek (326) datuak hobetzen jarraitzen dute, baina eremu laranjan daude oraindik. Amurrio eta Laudio, udalerri gorriak dira eta, beste behin, Agurainek horiari eutsi dio.
Bizkaia gune astinduenean dago oraindik, baina egoerak hobera egin du (100.000 biztanleko 460 kasurekin). Azken orduetan Arrigorriaga, Barakaldo, Bermeo, Derio eta Portugalete gorritik laranjara igaro dira, eta, beraz, eremu astinduenean ondorengo udalerriek jarraitzen dute: Basauri, Bilbao, Erandio, Ermua, Galdakao, Getxo, Leioa, Lekeitio, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Santurtzi, Sestao, Sopela eta Trapagaran.
Laranjan berriz, beste hauek daude: Balmaseda, Durango, Ortuella eta gaur gehitu zaizkien Arrigorriaga, Barakaldo, Bermeo, Derio eta Portugalete.
Horiz margotuta dauden udalerriak honakoak dira: Abadiño, Abanto Zierbena, Berango, Etxebarri, Gernika-Lumo, Gorliz, Gueñes, Markiña-Xemein, Zalla eta Zornotza.
Elorriok udalerri berde izaten jarraitzen du.
Gipuzkoan, (453 kasu 100.000 biztanleko) egoera hobetzen ari da gutxinaka baina oraindik ere udalerri gehienak eremu gorrian jarraitzen dute: Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Deba, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.
Andoain, Eibar, Elgoibar, Lazkao eta Mutriku laranjan daude, eta, Beasain, berriz, horian.
Ez dago kolore berdea duen udalerririk.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.