Itxi

Gizartea

Alarma egoeraren amaiera

Nafarroak itxiera perimetrala altxatu eta etxeratze agindua mantentzea proposatuko du

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Javier Remirez lehen presidenteordeak hainbat neurri malgutuko dituztela iragarri du. Adibidez, etxeetan bil daitezkeen pertsona kopurua seira igoko dute.

1:15
Maiatzaren 9an itxiera perimetrala amaituko da Nafarroan. Argazkia: EITB Media.

Nafarroako Foru Erkidegoak (14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 306 kasukoa da 100.000 biztanleko) deseskalatze prozesuari ekingo dio alarma egoera amaitzen denean, hots, maiatzaren 9tik aurrera. Hala, orain arte indarrean egon diren neurri murriztaile batzuk bertan behera geratuko dira, baina beste batzuk mantentzeko proposamena egin du Gobernuak, Javier Remirez lehen presidenteordeak eta Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak, eta Santos Indurain Osasun kontseilariak, gaurko gobernu-bileraren ondoren egin duten agerraldian.

Zehazki, indarrean dauden neurrien gaineko berrikuntzen artean, erkidegoaren itxiera perimetrala kenduko da, etxeetan bi bizikidetzau nitateko sei pertsona gehienez biltzea gomendatuko da, bizikideen kasuan izan ezik, eta ostalaritzako terrazak 22:00ak arte ireki ahal izango dira. Gauez mugikortasuna mugatuta izango da 23:00etatik 06:00etara, baina horretarako Nafarroako Auzitegi Nagusiaren babesa beharko du.

Gainerako neurriak bere horretan mantenduko dira, eta berriak Osasun kontseilariaren Foru Aginduan jasoko dira. Agindua igande honetako 00:00etan sartuko da indarrean, egun berean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta indarrean izango da maiatzaren 20ra bitarte, egun hori barne.

Remirezek eta Indurainek azaldu dutenez, neurri sorta hartzeko erabakia azken egunotan izandako kutsatzeen jaitsieran eta txertaketa prozesuaren "erritmo egokian" oinarritu da batik bat.

Ostalaritzari dagokionez, terrazen ordutegia ordubetez luzatuko da, 22:00ak arte egon ahalko dira zabalik. Hori bai, jatetxe eta tabernen barrualdeak zarratuta jarraitu beharko du. Denal dela, Nafarroako Gobernua lanean ari da ostalaritzako establezimenduak eta beste jarduera batzuk pixkanaka berriro irekitzea planifikatzeko, sektoreko ordezkariekin batera. Modu horretan, gaur arratsaldean ordezkariekin bilduko da, lantalde baten esparruan, eta, horrela, neurri berriak apurka-apurka abian jarriko dira, egoera epidemiologikoaren asteroko berrikuspenaren arabera.

Ildo berean, Nafarroako Gobernuak elkarrizketarako prozesua irekita du Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF), datorren uda honi begira adostasun batera iristeko herriko jaien eta kultur ekitaldien inguruan.

Eremu publiko zein pribatuan bil daitezkeen pertsona kopuruari dagokionez, berdin jarraituko du lehen kasuan (gehienez, sei pertsona), baina apur bat malgutuko dute bigarrenean: igandetik aurrera, bi bizikidetza unitateko sei pertsona bildu ahalko dira (orain arte bizikideen arteko bilkurak baino ez zeuden baimenduta).

Azkenik, Chiviteren gobernuak ostiralean altxatuko du Arbizun, Cadreitan, Lodosan eta Alesbesen ezarritako itxiera perimetralak, egoera epidemiologikoak hobera egin baitu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.