Gizartea
KORONABIRUSA
Positibo berriak jaitsi egin dira berriro Nafarroan
EIDER GARAIKOETXEA | EITB MEDIA
Zehazki, 108 kutsatze atzeman dituzte eta positibotasun tasa % 3,5era bajatu da.
-
Osasun langile bat Nafarroako Klinika Unibertsitarioko ZIU batean. Artxiboko argazkia: EFE.
Koronabirusak beheranzko bidea hartu du berriro Nafarroan, azken orduetan 108 kutsatze zenbatu baitituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Atzokoan 3.115 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 713 gehiago) eta horietatik % 3,5 positibo izan ziren. Horrenbestez, proba gehiago eginda positibotasun tasak nabarmen egin du behera (% 5,1ean zegoen).
Bezperan baino 14 kasu gutxiago dira, duela astebete baino 48 gutxiago eta duela 15 egun baino 55 gutxiago.
Kutsatzeen kopuruan izandako jaitsierak udalerrien datuetan ere izan du isla. Hala, Leitzan eta Fustiñanan bakarrik atzeman dituzte bost kasu baino gehiago (zazpi eta sei, hurrenez hurren). Zenbaki horietatik behera daude Berriozar, Lakuntza eta Iruñeko Arrotxapea auzoa, launa positiborekin, eta Antsoain, Etxarri Aranatz eta Barañain, hirunarekin.