Itxi

Gizartea

barakaldo

Hilabete atzeratu dute Barakaldoko hiru seme-alabako familia baten etxegabetzea

eitb media

Tokiko erakundeek familiarentzat bizileku aukerarik eskaini ez izana salatu du Kaleratzerik EZ! Bizkaia plataformak.

  • Etxegabetze baten aurkako protesta, Barakaldon. Artxiboko irudia: Argitan / Berri Otxoak

    Etxegabetze baten aurkako protesta, Barakaldon. Artxiboko irudia: Argitan / Berri Otxoak

Hilabete atzeratu dute Barakaldoko hiru seme-alabako (horietako bi, adingabeak) familia bat etxegabetzeko prozesua, apirilaren 29rako ezarrita zegoena. Kaleratzerik EZ! Bizkaia plataformatik salatu dutenez, "ez Barakaldoko Udalak, ez Etxebidek ezta Eusko Jaurlaritzak ere ez diete beste bizileku aukerarik eskaini".

Kaleratzerik EZ! Bizkaia plataformak jakinarazi duenez, familiak alokairu pribatua zuen, Alokabidek "ez zuelako" alokairu sozialeko etxebizitzarik, eta plataformak berak erosi behar izan zion familiari joan den asteko jana, "jada dirurik ez zutelako".

Plataformaren iritziz, "harrigarria" da Udalak 2015eko azaroko udalbatzan "Etxegabetzerik Gabeko Udalerria dela onartzea eta ondoren familia zaurgarriez arduratzeaz ahaztea".

"Gizartearen funtsezko eskubideen aurrean ez ikusiarena egitea" ohikoa dela adierazi ostean, jakinarazi dute auzitegiak hilabete atzeratu duela kaleratzea. "Espero dugu Kongresuan Gobernuko presidenteak eskainitako luzapenarekin, etxegabetzearen etenaldia ere luzatzea. Adi egongo gara", ohartarazi dute.

Bestalde, plataforma epaileari zuzendu zaio, eta erakunde publikoei konponbideak eskatzeko dei egin dio. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako eta Udaleko Etxebizitza sailek "premiazko bizileku aukera bideragarria eta duina" ematea nahi dute.

Kaleratzerik EZ! Bizkaia plataformatik adierazi dutenez, familia horren egoera salatzeaz gain, egoera "zaurgarrian" dauden beste hainbaten berri ere emango dute, "haien egoerari irtenbide duina eman diezaioten".