Gizartea
KORONABIRUSA
Neurri arinagoak dituzte jada Ipar Euskal Herrian
O. A. | EITB MEDIA
Posible da etxetik 10 kilometro baino urrutiagora mugitzea. Gainera, kolegio eta lizeoetako ikasleak ikasgeletara itzuli dira.
Pandemiari aurre egiteko ezarritako neurri murriztaileak malgutzen hasi dira Ipar Euskal Herrian. Horrela, mugikortasun mugak altxatu dituzte eta kolegio eta lizeoetako ikasleak ikasgeletara itzuli dira. Gaur hasi den deseskalatzeak hainbat fase izango ditu eta ekainaren 30ean amaituko da. Aurreikuspenen arabera, egun horretan kenduko dituzte muga guztiak.
Gaurtik aurrera, posible da etxetik 10 kilometro baino urrutiagora mugitzea. Halaber, mugikortasuna askea izango da lurralde osoan eta ez da ziurtagiririk beharko.
Hala ere, etxeratze agindua 19:00etan mantenduko da.
Gainera, Bigarren Hezkuntzako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzuli dira. Hala ere, erdiak etxetik arituko dira oraindik. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak iragan astelehenean itzuli ziren ikasgeletara.
Beste datak
Maiatzaren 19an etxeratzeko agindua 21:00etara atzeratuko da, orain baino bi ordu beranduagora arte, eta dendak, museoak, monumentuak, zineak, antzokiak, aire zabaleko kirol ekitaldiak eta terrazak irekiko dituzte.
Deseskalatzearen azkenaurreko etapa ekainaren 9an hasiko da, etxeratzeko agindua 23:00k arte atzeratuta, eta taberna eta jatetxeen barrualdeak irekiko dituzte, nahiz eta gehienez 6 pertsona egon ahalko diren mahai bakoitzean. Gainera, 5.000 pertsona elkartu ahal izango dira kultur eta kirol ekitaldi handietan.
Era berean, turistak Frantziako Estatuan sartu ahalko dira osasun pasaportearekin, telelana derrigor egiteko agindua arinduko da, eta gimnasioak, azokak eta saloiak irekiko dituzte.
Azkenean, ekainaren 30ean, bertan behera geratuko da etxeratzeko agindua, eta edukieren mugak ere kenduko dituzte establezimendu publikoetan, osasun egoerak ahalbidetzen badu.