Gizartea
KORONABIRUSA
31.300 txerto ematera iritsi da egun bakar batean Osakidetza, orain arteko gehien
o.p. | eitb media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du txertaketa-erritmoa txertoak eskura edukitzeren araberakoa dela eta ez Osakidetzak haiek jartzeko daukan gaitasunaren araberakoa.
Euskadik egun bakar bateko txertaketa-marka hautsi zuen atzo covid-19aren aurkako 31.300 txerto ipinita, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur jakitera eman duenez, Galdakaoko Urretako kiroldegian dagoen txertaketa-zentroa bisitatu ostean.
Osakidetzak aurreikusita zuen asteburu honetan 45.000 dosi jartzea, aste honetan 193.080 dosi iritsi ostean; Osakidetzak datozen egunotan amaitu du horiek denak jartzen, bigarren dosiak bermatzeko erreserba txiki bat izan ezik.
Azken egunetako txertaketa kopurua ikusirik, Sagarudik nabarmendu du txertaketa kopurua ez dagoela Osakidetzak haiek jartzeko duen gaitasunaren menpe, "txertoak esura edukitzearen" menpe baizik.
Erritmoari eutsiz gero, Sagarduik uste du 50 urtetik gorako herritarrak uda hasterako egon daitezkela txertatuta.
AstraZenecaren bigarren dosia
Eusko Jaurlaritza Sendagaien Europako Agentziaren jarraibideei jarraitzearen aldekoa da, eta uste du Osasun Publikoaren Batzordeak AstraZenecaren bigarren dosia emateko erabakia hartu aurretik ebidentzia zientifiko handiagoak izan arte itxaroteko erabakia "zuhurtziagatik" hartu dela.
Osasun Publikorako Batzordeak erabaki zuen AstraZenecaren txertoa jaso duten 60 urtetik beherakoek gutxienez beste lau aste gehiago itxaron beharko dutela immunizazioa nola eta noiz osatuko duten jakiteko; bien bitartean, datu gehiago bitzen ari dira marka horren bigarren dosia jasotzeko segurtasunari buruz edo beste batzuekin konbinatzearen eraginkortasunari buruz.