Itxi

Gizartea

Koronabirusa

400 boluntariok jaso dituzte AstraZeneca eta Pfizer konbinatzeko entseguaren dosiak

N. B. | EITB MEDIA

Entsegua, besteak beste, Gurutzetako Ospitalean egin dute. Helburua da aurretik AstraZenecaren dosi bat jaso duten 60 urtetik beherakoei Pfizerrena ematearen eraginkortasuna aztertzea.

  • Pfizerren txertoa

    Pfizerren txertoa. Argazkia: EFE

Aurretik AstraZenecaren dosi bat jaso duten 60 urtetik beherakoei Pfizerrena ematearen eraginkortasuna aztertzen ari den Carlos III.a Osasun Institutuaren saiakuntza klinikoan parte hartu duten 400 pertsonak inokulatu egin dituzte dagoeneko Alemaniako farmazialariaren serumarekin.

Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, atzo amaitu zuten 'CombiVacs' saiakuntza klinikoan parte hartzen ari ziren 600 lagunak biltzen, eta 400 pertsonak Pfizerren txertoa jaso dute dagoeneko.

Gainerako 200ak ez dituzte oraindik txertatuko, inokulatukoen emaitzen zain, eta horrela aholkatzen badute, Pfizer jarriko zaie 28 egunera.

Saiakuntza klinikoan parte hartzeko, boluntarioek 60 urte baino gutxiago izan behar zuten, AstraZenecaren lehen dosia jasota izan behar zuten eta gutxienez zortzi aste igaro behar ziren inokulatu zenetik.

Apirilaren 19an aurkeztutako saiakeran, bost ospitalek hartu dute parte: Bizkaiko Gurutzeta, Madrilgo La Paz eta San Carlos klinikoa; eta Bartzelonako Vall d 'Hebron eta Clinic.

Carlos III.a Osasun Institutuko Mikrobiologia Zentro Nazionalak Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren aholkularitza zientifikoa izan du. Saiakuntzaren laborategi nagusia da, eta antigorputzen zifrak aztertzeaz eta interpretatzeaz arduratuko da.

Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak bilera egingo du gaur, AstraZenecaren txertoaren lehen dosia hartu duten 60 urtetik beherakoei bigarrena eman behar zaien ala ez erabakitzeko.

Hainbat aukera daude mahai gainean: AstraZenecaren bigarren dosia ematea, Sendagaien Europako Agentziak emandako gomendioari jarraituz; txertoak nahastea; kasu horretan txerto konbinaketari buruzko entsegu klinikoaren emaitzei itxarongo zaie edo azkenik bigarren dosia ez jartzea.