Gizartea
Koronabirusa
4-6 aste atzeratu dute AstraZenecaren bigarren dosiaren inguruko erabakia
N. B. | EITB MEDIA
Osasun Sailak eta autonomia erkidegoek erabakia atzeratu dute, Pfizer dosi bat jartzeko segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko saiakuntzaren emaitzak ezagutu arte.
-
AstraZeneca txertoa. Argazkia: EFE
Espainiako Osasun Publikoaren Batzordeak ostiral honetan erabaki du lau eta sei aste artean atzeratzea AstraZenecaren txertoaren lehen dosia hartu duten 60 urtetik beherakoei bigarrena eman ala ez.
Hainbat aukera zeuden mahia gainean: AstraZenecaren bigarren dosia ematea, Sendagaien Europako Agentziak emandako gomendioari jarraituz; txertoak nahastea; kasu horretan txerto konbinaketari buruzko entsegu klinikoaren emaitzei itxarongo zaie edo azkenik bigarren dosia ez jartzea.
Azkenik, Carlos III.a Osasun Institutuak Pfizer dosi bat bere ordez jartzearen segurtasunari eta eraginkortasunari buruz egindako ikerketaren emaitzak ezagutu arte itxarotea erabaki dute Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek.
Era berean, eta erabaki horren ildotik, Osasun Sailak eta autonomia-erkidegoek AstraZenecaren lehen eta bigarren dosien arteko tartea 12 astetik 16ra luzatzea adostu dute, lehen dosia jaso duten 60 urtetik beherakoentzat. "Tarte hori zabaltzeak informazio gehiago izatea ahalbidetuko du, txertoaren segurtasuna bermatuko duen erabaki bat hartu ahal izateko, eskura dagoen ezagutza onena kontuan hartuta", azaldu du Osasun Batzordeak ohar batean.
Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluaren bileraren ostean egindako agerraldian, Sendagaien Europako Agentziak azken erabakia herrialde bakoitzaren esku utzi zuela eta Osasun Ministerioko adituak aukera ezberdinak aztertzen ari zirela azpimarratu zuen Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak.
"Frantzian edo Alemanian, ARN mezularian oinarritutako txertoak (Pfizer edo Moderna) erabiltzen ari dira bigarren dosia emateko; eta Irlandan, bigarren dosia emateko epea 16 astera luzatu dute, erabaki bat hartzeko denbora irabazteko. Sendagaien Europako Agentziak herrialde bakoitzaren esku utzi du erabakia, eta gure kasuan, erabakia ostiralean hartuko da", azaldu zuen.
Edonola ere, ministroak "lasaitasun mezua" bidali dio bigarren dosiaren zain dagoen taldeari: "Lehenengo dosiak % 76ko eraginkortasuna du birusaren aurrean. Beste herrialde batzuek egin duten bezala, Irlandak ere itxaron dezake. Hartutako erabakia zuzena dela bermatu behar dugu ".
AstraZenecaren bigarren dosia, aukerakoa eta borondatezkoa
60 urtetik beherako biztanleriak duen "ziurgabetasun" egoeraren aurrean (AstraZeneca dosia du jada), eta bigarren dosiaren inguruan erabaki bat hartzeko zain dagoenez, Espainiako 17 elkarte zientifikok proposatu dute borondatez bigarren dosia jaso ahal izatea eta, nahi ez badute, beste konbinazio batzuen ebidentzia zientifikoak izan arte itxarotea.