Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Ostiralean erabakiko dute AstraZenecaren bigarren dosia jarri ala ez

EITB MEDIA | AGENTZIAK

AstraZenecaren bigarren dosiaren harira erabaki bat hartu aurretik, txertoak konbinatzeko aukerari buruzko ikerketa amaitu arte itxarotea komenigarria izango litzatekeela esan du Osasun Ministerioak.

  • Carolina Darias eta Miquel Iceta Lurraldeen arteko Kontseiluan.

    Carolina Darias eta Miquel Iceta Lurraldeen arteko Kontseiluan. Argazkia: EFE

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak jakinarazi duenez, Osasun Publikoaren Batzordea ostiral honetan bilduko da, AstraZenecaren txertoaren lehen dosia hartu duten 60 urtetik beherakoei bigarrena eman behar zaien ala ez erabakitzeko.

Lurraldeen arteko osasun kontseiluaren bileraren ostean egindako agerraldian, Sendagaien Europako Agentziak azken erabakia herrialde bakoitzaren esku utzi zuela eta Osasun Ministerioko adituak aukera ezberdinak aztertzen ari direla azpimarratu du.

"Frantzian edo Alemanian, ARN mezularian oinarritutako txertoak (Pfizer edo Moderna) erabiltzen ari dira bigarren dosia emateko; eta Irlandan, bigarren dosia emateko epea 16 astera luzatu dute, erabaki bat hartzeko denbora irabazteko. Sendagaien Europako Agentziak herrialde bakoitzaren esku utzi du erabakia, eta gure kasuan, erabakia ostiralean hartuko da", azaldu du.

Horrez gain, Dariasek gogora ekarri du txerto ezberdinak konbinatzea segurua eta eraginkorra den zientifikoki frogatzeko entsegu klinikoa abian dagoela, bihar bertan amaituko dutela boluntario guztien txertaketa eta emaitzak maiatza erdialderako espero direla.

Testuinguru horretan, Espainiako Gobernua ikerketa horren ondorioak ezagutu arte itxarotearen aldekoa dela onartu du, baina zehaztu du Osasun Publikoaren Batzordeak ebazten duena errespetatu egingo duela.

"Erabaki konplexua da, eta herrialdeak hartzen diren jarrerak ikusita, eztabaida irekita dago Europan. Alabaina, Sendagaien Europako Agentziak iritzi bat eman du, ez du eztabaida amaitutzat eman. Txertoak konbinatzeko froga zientifiko nahikorik ez dagoela esan dute. Eta gu froga zientifiko horien bila gabiltza, hain justu ere. Informazio gehiago izan nahi dugu, erabaki egokiena eta seguruena hartzeko. Erabakia zaila da, eta nik uste dut hobe dela pixka bat gehiago itxarotea", adierazi du.

Edonola ere, lasaitasunerako mezua igorri die AstraZenecaren lehen dosia hartu duten herritarrei: "Lehen dosiarekin % 76ko babesa lortzen da birusaren aurrean. Irlandan egin duten moduan, posible da denbora gehiago hartzea".

Alarma-egoera

Bestalde, Dariasek esan du arratsalde honetako bileran ez dutela alarma-egoeraren amaiera aztertu eta berretsi egin du Espainiako Gobernuaren asmoa arau hori maiatzaren 9tik aurrera baliogabetuta uztea dela, betiere pandemiaren bilakaera kontuan hartuta.

Gaur goizean, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Idoia Mendia lehendakariordeak adierazi du posible izango litzatekeela alarma-egoera "erkidego batzuetan soilik" mantentzean indarrean.

Alabaina, eta kazetarien galderei erantzunez, Dariasek jakinarazi du erkidego bakar batek ere ez duela horrelako eskaerarik egin.

Amaitzeko, Dariasek jakinarazi du hasiera batean iragarri baino dosi gehiago jasoko dituela Espainiak aste honetan: 2 milioi dosi izango zirela esan zuten astelehenean, baina 4 milioi izango dira azkenean. AstraZenecak eta Modernak aurreikusitakoa baino dosi gehiago bidaliko dituzte: 1,68 milioi eta 400.000, hurrenez hurren. Janssenek, berriz, 126.000 dosi igorriko ditu aste honetan.