Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Positiboen kopuruak gora egin du berriro Nafarroan, 156ra arte

N. B. | EITB MEDIA

Foru Erkidegoan bezperan baino 26 positibo gehiago atzeman dituzte. Positibotasun tasa % 5,3koa da.

  • Nafarroako Ospitale Guneko Zainketa Intentsiboko Unitatea

    Nafarroako Ospitale Guneko Zainketa Intentsiboko Unitate. Artxiboko argazkia: EFE

69 eta 73 urteko bi emakume hil dira Nafarroan azken orduotan, eta 156 kasu positibo berri atzeman dituzte 2.920 proba egin ondoren (1.767 PCR eta 1.153 antigeno test).

Gainera, koronabirusarekin lotutako 19 ospitaleratze izan ziren, horietako bost zainketa intentsiboetako unitateetan, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

Azken bi heriotzekin Nafarroan 1.162 dira jada covid-19aren ondorioz hildakoak. Birusak eragindako infekzioen intzidentzia, eguneroko datuen arabera, 59.218 kasuko da.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 205 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino bi gehiago) covid-19arekin, horietatik 41 zainketa intentsiboetako postuetan daude (bat gehiago) eta beste 18 etxeko ospitaleratzean (lau gehiago). Gainerakoak, 146 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino hiru gutxiago).

Gune edo udalerri zigortuenei dagokienez, Barañain eta Altsasu ageri dira buruan, 11 positiborekin. Ondoren datoz Azkoien eta Iruñeko Txantrea auzoa, zazpirekin.

Egoera epidemiologikoaren larritasuna dela eta, Nafarroako Gobernuak, Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Villafrancako udalei kontsulta egin ondoren, apirilaren 15etik lau herri horietan ezarritako itxiera perimetrala beste astebetez luzatzea erabaki du, eta beraz, ostegunera arte (maiatzaren 6a barne) jarraituko du indarrean neurriak.

Era berean, egun horretara arte Cadreitaren itxiera perimetrala luzatuko dute, apirileko 9tik indarrean dagoena.

Bestalde, 173 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan. Gaur egun 1.543 ikasle daude beren etxeetan isolatuta, hau da, ikasle guztien % 2,49.

81 ikasgela konfinatuta daude 44 ikastetxetan, hau da, ikasgela guztien % 2,32, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.