Gizartea
GASTEIZ
Armentiako zelaietarako sarbideetan kontrolak egongo dira San Prudentzio egunean
EITB MEDIA
Gasteizko Udalak Armentiara ez joateko gomendatu du eta ezarritako neurriak betetzeko eta jende pilaketak saihesteko deia egin du.
-
Armentiako zelaiak. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Kontrol eta zaintza berezia ezarriko dute Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Armentiako zelaietan, asteazkenean (apirilak 28), San Prudentzio eguna dela eta.
Bi polizia-kidegoak zelaietan egongo dira sarrera kontrolatzeko (oso mugatua izango da), gasteiztarrak eguna gozatzeko bertara saldoan jo ez dezaten.
Osasun publikoaren arrazoiengatik eta pilaketak saihesteko, Armentiako zelaietarako sarrera-irteerak mugatuko dituztela azaldu du Gasteizko Udalak, edukiera kontrolatzeko. Sarrera bakarra eta irteera bakarra egongo dira, biak basilikaren ondoko aparkalekuan.
Era berean, adierazi duenez, beharrezkoa izanez gero, Armentiara sartzeko bideetan trafikoa mugatu ahalko du Udaltzaingoak, eta bizilagunen, zerbitzu publikoen eta TUVISAren ibilgailuei bakarrik utziko diete igarotzen.
Udalak Armentiara ez joateko gomendatu du. "Pertsona guztien osasuna babesteari eman behar zaio lehentasuna orain, eta, horretarako, ezarritako neurri sanitarioak zorrotz bete eta jende pilaketak saihestu behar dira", azaldu du.