Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Osakidetzak premiazkoak ez diren kirurgiak atzeratzea erabaki du, gutxienez bi astez

E. G. | EITB MEDIA

Hala, ebakuntza onkologikoak, premiazkoak edo atzeraezinak baino ez dira egingo EAEko erietxeen sare osoan.

1:28
Gurutzetako ospitalea. EITB Media

Osakidetzak gaur erabaki duenez, gutxienez bi asteko epean ez du premiazkoak ez den kirurgiarik egingo, covid-19aren pandemiak EAEko ospitaleetan eragindako presioari aurre egin ahal izateko. Neurria gutxienez bi astez egongo da indarrean EAEko ospitale sare guztian. Hala, ebakuntza onkologikoak, ezinbestekoak edo atzeraezinak baino ez dira egingo.

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi du erabakia. Bertan azaldu duenez, "azken asteotan erregistratu den covid-19 kasuen igoera jarduera asistentzialean islatu da, zeinak tentsio une handia bizi baitu".

Horrenbestez,  Osakidetzak premiazkoak ez diren kirurgiak atzeratzea erabaki du, atzeratu ezin direnak, ezinbestekoak edo prozesu onkologiko baten zati direnak bermatzeko. Erabakia aste honetatik bertatik izango zaio aplikagarria Osakidetzako ospitale sare osoari, eta bi astez luzatuko da, gutxienez.

Une honetan, Osakidetza Kontingentzia Planaren 3. agertokian dago —5 agertoki jasotzen ditu planak—. Osakidetzako ospitale sareak kritikoen 363 ohe ditu zabalik, eta, haietatik, % 53 covid-19aren ondoriozko konplikazioengatik ospitaleratutako pazienteek okupatzen dituzte: 192 ohe, guztira. ZIUetako okupazioaren ehunekoa, koronabirusa eta ez-koronabirusa pazienteak aintzat hartuta, % 83koa da, gaur egun. Hau da, 363 ohe horietatik, 302 daude okupatuta.

Kontingentzia plana

Osakidetzaren kontingentzia planak bost maila jasotzen ditu: lehen egoera (219 ohe gehienez), bigarrena (282 ohe gehienez), hirugarrena (427 ohe gehienez), laugarrena (558 ohe gehienez) eta bosgarren egoera:(692 ohe gehienez)

Martxoaren hasieran, azken olatu pandemikoa igotzen hasi zenetik, ZIUn ospitaleratuta egon diren covid-19 gaixoen batez besteko adina 61 urtekoa izan da. Paziente gazteen kopuruak gora egin du, eta 80 urtetik gorako pazienteen kopurua murriztu egin da, txertoaren ondorioz. Kritikoen unitatean batez besteko egonaldia 18 egunekoa izan da, eta heriotza-tasa, % 15ekoa.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.