Gizartea
KORONABIRUSA
Gaixo kritikoen kopuruak gora egin du Euskadin, 192ra arte
EITB MEDIA
Gainera, 62 pertsona ospitaleratu dituzte igandean. Positiboei dagokienez, berriz, 762 kutsatu berri atzeman dituzte Euskadin azken orduetan.
Gaixo larrien kopuruak gora egin du berriro Euskadiko ospitaleetan covid-19aren ondorioz: gaur egun 192 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan. Datu hori duela urtebete neurtu zuten azkenengoz, eta 62 pertsona ospitaleratu dituzte.
Azken asteotako kasuen gorakada horren ondorioz, Osakidetzak larrialdikoak ez diren kirurgiak atzeratzea erabaki du astelehen honetan bere ospitale-sare osoan, covid-19aren pandemiaren eraginez. Horregatik, gutxienez bi astez, premiazko ebakuntzak, onkologikoak edo atzeraezinak baino ez dira egingo.
762 positibo berri atzeman dituzte igande honetan EAEn, hau da, aurreko egunean baino 77 gehiago, eta egindako probekin (8.824) alderatuta ere ia puntu bat igo da positiboen tasa, % 8,6raino, Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera.
Hala ere, asteko positiboen portzentajeak portaera hobea izan du; izan ere, apirilaren 19tik 25era % 7,9an kokatu zen, eta aurreko zazpi egunetan (% 8,6), berriz, martxoko lehen astetik izandako altuena izan da.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 325 positibo detektatu dituzte Bizkaian igande honetan, bezperan baino zortzi gehiago, beste 356 kutsatze berri Gipuzkoan (66 gehiago) eta 75 kasu Araban (bat gehiago), eta beste sei positibo atzeman dituzte Euskaditik kanpo bizi diren pertsonen artean.
EAEko ospitaleetan 760 pertsona daude ospitaleratuta. Atzo 62 gaixo berri ospitaleratu zituzten, larunbatean baino 10 gutxiago, baina 192ra igo dira zainketa intentsiboetako unitateetan dauden pertsonak, aurreko egunean baino lau gehiago.
Iazko apirilera jo behar dugu EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan horren okupazio-datu altua aurkitzeko.
Intzidentzia-tasa metatuak gora egin du berriro, larunbatean hilabete eta erdiko lehen jaitsiera izan ostean. Datu hori ez da asteburuan argitaratzen; beraz, gaur jakin denez, larunbatean Euskadik 537,25eko intzidentzia izan zuen 100.000 biztanleko, eta aurreko egunean 540,71n zegoen.
Jaitsiera hori ez da igandean mantendu, atzo adierazle horrek gora egin baitu berriro, eta 100.000 biztanleko 544,71 kasu daude 14 egunetan.
Gipuzkoak jarraitzen du izaten intzidentzia-tasarik altuena, 726,48 kasu izan baitira (713,85 aurreko egunean). Bizkaiak eta Arabak intzidentzia txikiagoa dute, 455,16 eta 424,88 kasu, hurrenez hurren, baina gora egin du larunbateko datuekin alderatuta.
Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeek 'eremu gorrian' jarraitzen dute, koronabirus kasuen intzidentzia handiagatik, EAEko hiru hiriburuak bezala; Bilbon 573,20 kasu izan dira, Gasteizen 433,32 eta Donostian 606,39.
Hiriburuekin batera, 400 kasu baino gehiago izan dira igande honetan 5.000 biztanletik gorako 47 herritan.
Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (14 eguneko intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen duena) 1,09koa da igande honetan Euskadi osoan (aurreko eguneko adierazle bera), eta gaitzaren oinarrizko birsorkuntza kopurua, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 1,03koa da (1,02koa zen larunbatean).
Bestalde, Hezkuntza Sailak jakitera eman duenez, astelehen honetan Azkoitiko Bizilore Eskola Aktiboa ikastetxeak itxita jarraitzen du.
San Prudentzio dela eta, Arabako eskola gehienak aste honetan itxita daudenez, egun horietan Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeei buruzko datuak baino ez dituzte emango.
Hala, une honetan 131 ikasgela daude itxita Bizkaiko eta Gipuzkoako 88 ikastetxetan; bi urtetik hasi eta unibertsitatez kanpoko hezkuntzara arte bi lurralde horietan dauden 14.779 eskolen % 0,88 dira.