Itxi

Gizartea

Elkarrizketa

Fermin Labaien (Gurutzeta): "ZIUn daukagun covid-19 gaixo gazteenak 30 urte ditu"

EITB Media

Gurutzetako Ospitaleko Medikuntza Intentsiboko zerbitzuburuak argitu duenez, koronabirusak larrien jotakoen adinak behera egin du: "45-65 urte dituzte, eta ez du aurretiazko patologiarik".

  • Fermin Labaien, Radio Euskadiren estudioetan.

    Fermin Labaien, Radio Euskadiren estudioetan. Argazkia: EITB MEDIA

Fermin Labaien Gurutzetako Ospitaleko Medikuntza Intentsiboko zerbitzuburuak jakinarazi duenez, gaur egun ZIU geletan dituzten gaixoen batez besteko adinak behera egin du, eta orain "45-65 urte dituzte, aurretiazko patologiarik gabeak. Dugun gaixo gazteenak 30 urte ditu".

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Bizkaiko ospitaleko Medikuntza Intetsiboko Unitatean dagoen egoeraren argazkia egin du Labainenek. Izan ere, Osakidetzak premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzea aztertuko du gaur, covid-19 gaixoak behar bezala artatu ahal izateko.

Labaienen esanetan, lehen olatuan izan zuten egoera "bestelakoa" zen, "orain osasun langileek badakite zelan artatu gaixoak", erantsi du. Horren ildoan, zehaztu du iazko lehen sasoi hartan 80 gaixo kritiko hartu zituela Gurutzetako Ospitaleak, "orain erdia dugu. Gurutzetako azpiegitura nahikoa da presioari erantzuteko", argitu du.

Nabarmendu duenez, "ZIUn dugun covid-19 gaixo gazteenak 30 urte ditu, eta gela arruntetan dugun gazteenak, 22 urte. Ez dute aurretiazko patologiarik. Lehen patologiadun eriak ziren, orain, ordea, 45 eta 65 urte bitarte dituzte, eta ez dute aurretiazko gaixotasunik".

Premiazkoak ez diren ebakuntzak atzeratzeaz galdetuta, Labainenek zehaztu du "minbizidun gaixoak edo bihotzeko kirurgiaren bat egin behar dutenak berdin-berdin artatuko ditugu".

Gipuzkoako egoeraz ere mintzatu da Labaien, eta jakinarazi du azken asteetan lurralde horretatik "zortzi gaixo kritiko" ekarri dituztela Gurutzetara.

Azkenik, txertoen aldeko aldarria egin nahi izan du medikuak: "Koronabirusaren kontra borrokatzeko modu onena da txertoa. Osasun langileen % 98 babestuta dago".

____________________

Erredakzioan itzulia