Gizartea
Koronabirusa
Osakidetzak 70 urtetik 79ra arteko kolektibo osoari emango dio Janssenen txertoa
agentziak| eitb media
186.000 pertsonak osatu dute txertaketa zikloa, hau da, immunizatu dira sendagaiekin, EAEn.
-
Janssenen txertoa. Argazkia: EiTB
Osakidetza Janssenen txertoa ematen hasiko da datorren astean 70 eta 79 urte arteko kolektibo osoari (egun Modernaren eta Pfizerren sendagaia erabiltzen ari dira), Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuordeak iragarri duenez.
Sailburuordeak agerraldia egin du hedabideen aurrean, Gasteizen, egoera epidemiologikoaz eta txertaketa prozesuaz informazioa emateko, eta gogorarazi du EAEn dagoeneko Europako Sendagaien Agentziak (EMA) onartutako covid-19aren aurkako lau txertoak erabiltzen ari direla: Moderna, Pfizer, AstraZeneca eta Janssen.
Quintasek adierazi du mugikortasun arazoak dituzten eta etxean txertatu behar diren 70 eta 79 urte arteko pertsonei Janssenen txertoa ematen jarraituko dutela asteburuan, asteazkenean sendagaiaren 6.850 dosi jaso ostean.
Sailburuaren esanetan, egoera horretan dauden pertsonen txertaketa prozesua amaitu ostean, Janssenen txertoa (dosi bakarrarekin lortzen da immunizazioa) 70 eta 79 urte arteko gainerako pertsona guztiei ematen hasiko dira.
% 22,5ek jaso du dosiren bat
Orain arte 67.980 txerto eman dituzte EAEn, hau da, EAEko herritarren % 22,5ek jaso dute txertoaren dosiren bat, eta % 8,5ek txertaketa prozesua burutu du.
Guztira 490.701 pertsonak jaso dute lehenengo dosia, eta 183.028k, bigarrena. Gainera, 3.251 pertsonek medikuak agindutako dosi bakarra jaso dute, bai Janssenena delako, bai gaixotasuna pasatu dutenak direlako. Hori horrela, 186.000 pertsonak amaitu dute txertaketa prozesua eta immunizatuta daude.
Sailburuordeak gogorarazi duenez, 74 eta 79 urte arteko eta 65 urtetik 73rako kolektiboen txertaketa prozesuan daude murgilduta. Adin tarte horretan dauden pertsonek Osakidetzaren SMS bat jasoko dute, txertoa jasotzeko hitzordua har dezaten.