Gizartea
Koronabirusa
Nafarroako Gobernuak txertatzeko deia egin du, "Nafarroa txertatze bidean" lelopean
EITB Media | Agentziak
Maria Chivite presidenteak azaldu du zahar-etxeetako datuak ikustea baino ez dagoela txertaketak funtzionatu duela ikusteko.
-
Maria Chivite. Argazkia: EFE
"Nafarroa txertatze bidean" lelopean, Gobernuak azpimarratu du txertaketa covid-19ari aurre egiteko modurik eraginkorrena eta normaltasuna berreskuratzeko "tresnarik onena" dela. Gainera, herritarren erantzuna goraipatu du, eta ekaina amaierarako 16 urtetik gorakoen % 40ak txertoa emanda izateko moduan egongo direla azaldu du.
Maria Chivite presidenteak Nafarroako Jauregian adierazi duenez, "txertoak biziak salbatzen ditu eta denok hartu beharko genuke, geure burua zein gizartea babesteko. Metodo eraginkorra dela frogatzeko, erresidentzietako datuak ikustea baino ez dago: egun ez dago positiborik".
Santos Indurain Osasun sailburuak ere agerraldian parte hartu du eta txertatze-taldeetako herritarren % 96 dagoeneko txertatuta dagoela azaldu ere. Gaineratu du nafarren laurdenak gutxienez dosi bat jaso duela eta hamarren bat guztiz immunizatuta dagoela. Hala, Indurainek nabarmendu du 207.000 dosien langa igaro dutela eta txertatuen kopurua (60.000) konfirmatutako kasu positiboena (58.000) baino handiagoa dela.
Txertatze-taldeei dagokienez, Indurainek azaldu du txertoak heldu ahala talde berriak sortzen joango direla. Hala ere, 70 eta 79 urte bitartekoek maiatzeko lehen asterako txertoaren lehen dosia emanda izatea aurreikusten dutela azaldu du sailburuak.