Itxi

Gizartea

ELKARRIZKETA

Egungo egoeran "ohiko" sanferminak egitea ezinezkoa dela onartu du Iruñeko alkateak

EITB MEDIA

Enrique Mayak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan adierazi duenez, egungo kutsatu kopuruekin "ezinezkoa da ekitaldi masiboak egitea".

3:19
Enrique Maya

Gaur egungo kutsatze datuekin San Fermin jaietan ekitaldi jendetsuak egitea ezinezkoa dela ziurtatu du Enrique Maya Iruñeko alkateak. Hala ere, oraingoz ez dituzte ofizalki 2021eko sanferminak bertan behera utzi.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, esan du sanferminak "elkarrekin eta besarkatuta egoteko" direla eta gaur-gaurkoz ez dela posible "txupinazoa, entzierroak eta zezenketak" egitea. Azken erabakia hartzear daudela aurreratu ostean azpimarratu duenez, aurtengo sanferminak inondik inora ez dira 2019koak bezalakoak izango. 

Mayak aipatu dituen aurreikuspenen arabera, uda amaierarako Nafarroako populazioaren % 70 txertatuta egongo da. Hala ere, sanfermin jendetsuak egitearen aukera baztertu du. "Sanfermin jendetsurik ez, inondik inora", nabarmendu du.

Zezenketak

Enrique Maya alkateak ez du baztertzen zezenketak egitea, Misericordi etxearen baitan daudelako, baina "beste data batzuetan". Ildo horretan, uda amaiera aipatu du. Adibide gisara, 1978ko sanferminak jarri ditu.

Azkenik, alarma-egoerari buruz galdetu diotenean, pandemiagatik zenbait kontrol neurri mantendu behar dira horretarako mekanismoak beharko direla adierazi du. Horretarako alarma egoera behar bada, jarrai dezala. Behar ez bada, orain arte zergatik izan dugun galdetuko digute", gaineratu du.