Itxi

Gizartea

Koronabirusaren semaforoa

Ordiziari gorrian jarri zaio berriz semaforoa

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Bizkaian, Balmaseda, Basauri, Bermeo, Galdakao eta Sopela horitik laranjara igaro dira. Abadiño izan da datuak hobetzen bakarra, eta hirugarren mailan dago orain.

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa

OHARRA: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien egoera epidemiologikoari buruzko zerrenda hau egunero argitaratzen da, baina ez da perimetralki itxita egongo diren herrien eta hirien zerrenda. 400 kasuko intzidentzia-tasa metatua gainditu duten udalerriei buruzko ebazpena astelehenetan argitaratzen du Eusko Jaurlaritzak, eta neurri murriztaileak biharamunean sartzen dira indarrean.

Eremu laranjan sartu-irtena egin ostean, Ordizia eremu gorrian sartu da gaur, covid-19ak Euskadin herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Horrenbestez, 47 dira gunerik astinduenean dauden 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak.

Araban (437 kasu 100.000 biztanleko) ez da aldaketarik izan, eta gorrian jarraitzen du, baita Gasteizek, Amurriok eta Laudiok ere.

Horrenbestez, ez dago udalerririk bigarren mailan, laranjan. Agurainek kolore horiari eutsi dio, ordea.

Bizkaia ere gune astinduenean dago (100.000 biztanleko 452 kasurekin), eta bertan jarraitzen dute Berangok, Bilbok, Erandiok, Ermuak, Getxok, Leioak, Ondarroak, Portugaletek, Santurtzik, Sestaok eta Trapagaranek. 

Gune laranjan, honako hauek daude: Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Derio, Galdakao, Mungia, Muskiz, Sopela eta Zalla.

Kolore horiari eutsi dioten udalerriei dagokionez, honakoak dira: Abanto Zierbena, Amorebieta-Etxano, Durango, Elorrio, Etxebarri, Gernika-Lumo, Gorliz, Gueñes, Markina-Xemein, Lekeitio eta Ortuella.

Ez dago udalerririk eremu berdean.

Gipuzkoa da lurralderik astinduena (711kasu 100.000 biztanleko), eta udalerri gehienak (33) ditu gorrian: Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz, Zumaia, eta Zumarraga.

Ez dago udalerririk eremu laranjan, Ordiziaren irteeraren ondotik.

Elgoibar da kolore horiari eusten dion bakarra Gipuzkoan.

Ez dago udalerririk eremu berdean.

Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.