Itxi

Gizartea

Liburuak

Autopublikazioa: goraldian dagoen fenomenoa

EITB Media

Literaturan tokia izan nahi duten autoreek gero eta gehiago jotzen dute autopublikazio eta autoediziora.

  • Pertsona bat ordenagailuz idazten. Argazkia: Pixabay

    Pertsona bat ordenagailuz idazten. Argazkia: Pixabay

Zenbatetan ukatu dituzten argitaletxeek gerora arrakasta izugarria izan duten liburuak. Best-seller bat idatzi duten zenbat autore hartu dituzten hala moduzko idazletzat argitaletxe horiek eurek. Ugari. Agian, horregatik izango da gero eta artista gehiagok autopublikazio eta autoediziora jotzen dutela eta ez literatura ekoizteko bide tradizionaletara.

Armando Roderak, ingelesera itzulitako Estatuko lehen idazle autopublikatuak, argitaletxe baten ateak jo zituen bakarkako ibilbidea hasi baino lehen. “Zenbait agentzia eta argitaletxerekin hitz egin nuen orduan [2014] idatzita neuzkan bi lanei buruz eta, arrakastatsuak izan zitezkeela esan arren, ez zuten argitaratzeko erabakirik hartu”. Egun, Roderak hamar liburu autopublikatu ditu eta Amazon plataforman gehien saltzen duten espainiar idazleetako bat da.

Hala ere, argitaletxeek kaleratzeko aukera baztertu edo argitaratzeko erabakirik hartu ez izana ez dira izaten autopublikatzeko arrazoi bakarrak. Nerea Vara Tentaciones Peligrosas eta Placeres Violentos liburuen idazleak Nova Casa Editorialekin publikatu zituen bere lanetako bi. Liburu-dendetan ikusi nahi zituen bere liburuak. Baina: “Ni nengoen argitaletxearekin, liburuak gehiago zeuden Latinoamerikan hemen baino. Bai, eska zenezakeen, baina liburu-denda batean sartu eta ez nuen ikusten. Beraz, kontratua bertan behera utzi nuen, eta orain nik autopublikatzen ditut”.

Mónica García Saiz Amor Enredadoren autoreak kontratua bertan behera uztea erabaki zuen argitaletxearen kudeaketa txarraren ondorioz. Ez zituzten publikazio epeak betetzen, ezta agindutako baldintzak ere. “Liburua abenduan kaleratuko zela esaten zuten, baina gero, ezer esan ez eta, azkenean, liburua ez zuten kaleratzen. Gero, digitalean bakarrik kaleratu zuten, kontratua digitalerako eta papererako izan arren… Sei hilabete pasatu ziren paperean atera zutenerako, eta Amazonen soilik. Azkenean, kontratua bertan behera uztea erabaki nuen”.

Armando Rodera. Argazkia: Armando Rodera

Egile bakoitzaren erabakia

Argitaletxeetan sartzea zaila da oso. Idazten duten pertsona guztiek ez dute haien arreta piztea lortzen. Ez bakarrik argitaletxe bakoitzak ildo propioa duelako, baizik eta ezinezkoa delako argitaletxe batek autopublikazioaren munduak eskaintzen dituen liburu guztiak argitaratzea. Elkar argitaletxeak, adibidez, liburuak oinarrizko kalitatea izatea eskatzen du, interes publikoa piztea eta euskaraz idatzita egotea.

Era berean, argitaletxeek autopublikazioak ematen ez dituen plusak eskaintzen dituzte: edizio gastuak, promozioarekin eta zabalkundearekin zerikusia duen guztia, etab. “Argitaletxea prozesu osoaz arduratzen da, ediziotik salmentara bitartekoa, editatu berak egiten du eta gainerakoaz beste egitura batzuk arduratzen dira, baina betiere argitaletxearen kontrolpean”, azaldu du Elkarreko Joan Mari Larrartek. “Gero, egile bakoitzak erabaki behar du laguntza hori izan nahi duen edo nahiago duen berak egin guztia”.

Digitalaren utopia

Autopublikazioa betidanik existitu baldin bada ere, fenomeno hau nabarmen hazi da teknologia berrien agerpenarekin eta hauek eskaintzen dituzten erraztasunekin. Autoedizio digitala ahalbidetu zuen lehenengo plataformetako bat Amazonek 2007. urtean sortu zuena izan zen. Plataforma horri esker, edozeinek igo zezakeen bere liburuaren edizio digitala, betiere obraren gaineko eskubideak izanez gero.

Hain zuzen ere, Armando Rodera izan zen espainiar idazleen artean Amazonen autopublikatzeko pausoa eman zuen lehenengoetarikoa. “Amazonen publikatzera arriskatu nintzen inork ezagutzen ez zuenean, eta ondo atera zitzaidan”, azaldu du harro. “Zorionez, garairako utopikoa zirudien proiektu digital batekiko interesa zuen jende askoren laguntza jaso nuen, sektorea ezagututa ia suizida bazen ere, baina milaka irakurlerengana iristeko aukera eman zidan”.

2006an, Amazonek plataforma propioa sortu baino urtebete lehenago, Wattpad agertu zen. Idazleei liburuak partekatzeko aukera ematen zien, eta ematen die, inolako baldintza eta gasturik gabe. 2009ko otsailean, Wattpadek 17.000 liburu elektroniko jarri zituen erabiltzaile guztientzat eskuragarri. Urte bereko ekainerako, bost milioi deskarga baino gehiago izan zituen.

Nerea Varak eta Mónica García Saizek idazteko leku perfektua aurkitu zuten Wattpaden. Ez zuten ezer espero hainbat herrialdetan milioika erabiltzaile zituzten plataforma batetik. Bien helburu nagusia partekatzea zen, besterik gabe. García Saizek idazlea izan nahi zuela noiz erabaki zuen gogoratzen du oraindik: “Egun batean, neska batek komentarioetan idatzi zidan istorioa asko gustatu zitzaiola, eta ea zergatik ez nuen horretan lan egiten galdetu zidan. Orduan esan nion neure buruari: zergatik ez?”.

Nerea Vara. Argazkia: Nerea Vara

Ortzi-mugak zabaldu

Idazten dena partekatzeak ez du ezertarako balio inork ez badu irakurtzen. Sare sozialek garrantzi berezia dute zentzu honetan, merkatu zabala eskaintzen baitute. Nerea Vararentzat ezinbesteko tresna dira: “Irabazten dudan diruaren zati bat ordaindutako publizitatean inbertitzen dut Instagramen, Facebooken… jendearengana heltzeko; izan ere, zure kontuan bakarrik egiten baldin baduzu, jada ezagutzen zaituzten pertsonengana helduko zara. Gauza da ezagutzen ez zaituztenengana heltzea”.

Armando Roderak ere sare sozialen beharra izan zuen publiko handiago batera heltzeko. “Sare sozialak oso garrantzitsuak izan ziren hasi nintzenean, eta marketin estrategiak zehaztu nituen nire lanak online promozionatzeko”. Aurretik zeukan blogaz gain (www.armandorodera.com), fanpage bat eta autore orrialde bat sortu zituen Facebooken, Youtuberako Booktrailer bat eta kontu pertsonala Twitterren eta Instagramen.

Ezagutzen ez dena

Autopublikazioak autoreei eskaintzen dizkien onura guztien artean, bi nabarmentzen dira: egileak lanaren gainean dituen kontrol eta eskubideak, eta konpentsazio ekonomikoa. Argitaletxeetan irabazi-marjina % 7 eta % 15 bitartekoa da, eta autopublikazioan % 70ekoa izan daiteke. Gainera, autopublikazioan ordainketak hilero jasotzen dira; argitaletxeetan, aldiz, urtero.

Autopublikazioa, baina, korapilatsua ere izan daiteke. Argitaletxeak, erakunde bitartekari gisa, artistek liburu-dendetan, liburu-sinaduretan eta azoketan lekua izateaz arduratzen dira. Autopublikazioan artistak berak aztertu behar du norekin harremanetan jarri, nora joan, nola... “Hori da azkenean autoedizioak ematen ez dizuna. Autoedizioan dena zuk egin behar duzu”, azaldu du Mónica García Saizek.

Era berean, online merkatuan ikusgarritasuna lortzea oso zaila izan daiteke autopublikatu duten pertsonentzat; are gehiago, egun dauden hedabide eta ikus-entzunezkoen eskaintza ikusita. Horregatik da hain garrantzitsua promozioa eta literaturaren munduan izena sortzea. Hala laburbildu du Roderak: “Ezagutzen ez dena saltzeko zaila da, eta ospetsua ez bazara edo aitortza handia ez baduzu, gailentzeko zailtasunak agerikoak izango dira”.

Mónica García Saiz. Argazkia: Mónica García Saiz

Lehia, gero eta handiagoa

Liburu autopublikatuen kopurua hazi den heinean, autopublikazioa nahiago duten autoreen kopurua ere hazi da. Ondorioz, orain lehia handiagoa da gremioan, eta, beraz, bidea zabaltzeko zailtasuna ere handiagoa da. “Ni hasi nintzenean, idazle asko zeuden, baino ez egun dauden beste. Eta ni baino lehen hasi zenak errazago izan zuen aukeratzeko hainbeste ez zegoelako”, esan du Nerea Varak.

Vararen ustez, gainera, “dena dago idatzita”, eta horrek gehiago zailtzen du nabarmentzea. “Hitzez hitz, dena dago idatzita jada. Beraz, zure modura egin dezakezu, zure ukitua emanda”, azaldu du. García Saizek, bere aldetik, zoriaren garrantzia azpimarratu du: “Nik uste dut momentu egokian heldu behar dela, une horretan atera deitu, istorio jakin baten bila dabiltzala harrapatu eta nahi duten istorioa justu zuk ematea”. Eta irakurleei ez ezik, baita argitaletxeei ere. Merkatuari, orokorrean.

Roderak argi dauka: “Lana ona bada, lehenago edo geroago bere publikoa izango du”.