Gizartea
Koronabirusa
Egungo murrizketei eustearen alde egin dute LABIko teknikariek
EITB MEDIA
Egungo neurriak "zorrotz" betetzeko deia egin diote teknikariek gizarteari. Lehendakariak ez du LABI instituzionala deituko oraingoz.
-
Argazkia: EFE
LABIren Batzorde Teknikoak egun Euskadin indarrean dauden murrizketei eustea proposatu du, baina neurri horiek "zorrotz betetzeko" deia egin dio euskal gizarteari.
LABIko osasun teknikariek gaur egindako bileraren ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak erabaki du oraingoz ez deitzea LABIren Aholku Batzordea, hau da, EAEko agintari instituzional nagusiek osatzen duten eta pandemiaren aurkako neurriak adosten dituen organoa.
Gaurko ebazpenean, LABIko teknikariek azaldu dute "aztarna itxaropentsuak" daudela pandemiaren garapenean, baina, egoera "larria eta kezkagarria" dela oraindik, "bereziki osasun sistemaren tentsioari dagokionez".
Nolanahi ere, gogorarazi dute egun indarrean dauden neurriak "oso murriztaileak" direla dagoeneko, eta "Alarma Egoeraren mugek" eta EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenek "mugatu" egiten dutela murrizketa gehiago hartzeko aukera.
Testuinguru honetan, LABI teknikoak uste du ez dela unea egungo neurriak zorrozteko edo malgutzeko. "Murrizketak are zorrotzago betetzeko unea da", azpimarratu dute.
Hurrengo asteei begira, murrizketak betetzea "funtsezkoa" izango dela ohartarazi dute, pandemia "beheranzko joerara" bultzatzeko eta osasun sistemaren tentsioa lasaitzeko.
"Txertaketak aurrera egin ahala helduko da neurriak malgutzeko unea", azaldu dute.